Saiatu den arren ez du garaipenik lortu Erik Jakak

Ataria 2021eko abenduaren 30a

Binakako txapelketako partida jokatu da gaur Tolosako Beotibarren. Zazpigarren jardunaldiko lehen lehian Erik Jakak 22-11 galdu du Elezkano-Zabaletaren aurka. Mariezkurrenaren ordez Aretxabaletak osatu du bikotea lizartzarrarekin.

Partida zaila zuen gaurkoan Jakak Beotibarren. Mariezkurrenaren hutsuneaz gain, Zabaleta gehitu behar zitzaion zailtasunari. Nafarra jaun eta jabe izan da hasieratik, eta lizartzarrak ahal zuen guztia egin duen arren 22tik urrun geratu da. Hala eta guztiz ere tanto ikusgarriak jokatu ditu Jakak eta zaletuak gogotik egin diote txalo.

Sailkapen nagusian 3 garaipenekin jarraitzen dute Jakak eta Mariezkurrenak. Zabaleta eta Elezkanok zazpitik sei irabazi dituzte.

Astelehenean, urtarrilaren 3an, Tolosan zazpigarren jardunaldiko azken partida jokatuko da. Ezkurdia-Tolosak Urrutikoetxea eta Aranguren izango dituzte aurkari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!