Krosik gabekoa izango da Urtezahar eguna

Ataria 2021eko abenduaren 29a

Orain bi urte Ibarran egindako haurren Urtezahar Krosaren une bat.

Urtezahar egunean eskualdean hainbat herri kros egiten dira, urteari amaiera emateko kirola eginez. Aurtengoan, baina, ez da horrelakorik izango, antolatzen hasi zirenak bertan behera utzi dituztelako, COVID-19aren inguruan bizi den egoera dela eta.

Bertan behera geratu den azkena Ibarrako Urtezahar Krosa izan da. Herenegun eman zuten horren berri antolatzaileek sare sozialen bitartez. Aurten bederatzigarren aldiz egingo litzateke krosa, baina antolakuntzatik adierazi dutenez, ezin dute bermatu nahi bezala antolatzea.

Aurreko astean jakinarazi zuten Zunbeltz eta Urkamendi elkarteetako antolatzaileek Villabona eta Zizurkil arteko Urtezaharreko Krosa bertan behera uzten zutela, eta gauza bera gertatu zen urteko azken egunean Tolosan egiten den Elkartasun Krosarekin, Samaniego eta Orixe eskoletako kirol batzordeak horrela erabakita. Alegian egiten da ere krosa, baina aurten ez antolatzea erabaki dute.

Bestalde, Asteasun urtarrilaren 9an egitekoa zen VI. Elkartasun Krosa, eta ekitaldia antolatzen duen herritar taldeak eta udalak krosa atzeratzea erabaki dute. Urtarrila bukaeran krosaren data berria zehaztuko dutela jakinarazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!