Koronabirusa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tabernak 01:00etan itxi beharko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2021ko abe. 28a, 18:29

Eusko Jaurlaritzak tabernetan zutik kontsumitzea ere debekatu du, eta edukiera gehienez ere %60koa izango da barnealdeetan. Ostalaritzaz gaindiko ekitaldi guztiak ere gehienez 01:00ak arte izango dira. Neurriak urtarrilaren 28ra arte egongo dira indarrean.

Aurreikus zitekeen moduan, pandemiaren aurkako neurriak gogortzea erabaki du Labik. Batzordea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zuela, gaur arratsaldean bildu da, eta hainbat neurri adostu ditu, nagusiki ostalaritzari eragingo dietenak: tabernak eta jatetxeak beranduenez 01:00etan itxi beharko dira, ezingo da zutik kontsumitu, barnealdeetako edukierak gehienez ere %60koa izan beharko du, eta mahai bakoitzean gehienez hamar lagunek elkartu ahalko dute. 01:00etako mugak eta %60ko edukierarenak gainontzeko kultur, gizarte edo kirol ekitaldiei ere eragingo diete.

Hortaz gain, kopuruz, ekitaldietako edukierak gehienez 600 lagunekoak izango dira barnealdeetan, eta 800ekoak kanpoaldean. Barnealdeetan kirola egiteko, berriz, gehienez hamar lagunek elkartu ahalko dute, eta aldagelek %50eko edukiera izango dute.

Jaurlaritzak Gabonetarako neurri bereziak ezarriko zituela ere esan du azken egunetan: hori dela eta, establezimendu komertzialek ezingo dute goizeko 8ak baino lehen zabaldu urtarrilaren 1ean eta 6an. Urtezahar, urteberri, eta errege eguneko bazkari eta afariei buruz, berriz, Urkulluk gehienez hamar lagun elkartzeko gomendioa eman du.

Neurri horiek bihartik urtarrilaren 28ra arte egongo dira indarrean. Labi gaur bildu da, 16:30ean, eta Urkulluk bilera bukatu ondoren eman du erabakitakoaren berri.

Jarraitu irakurtzen Berrian

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!