Urtekaria 2021

Gehiago eta ozenago

Ataria 2022ko urt. 1a, 15:59

Kaleak hartu dituzte berriro ere eskualdeko emakume feministek urte honetan; izan aldarrikatzeko, salatzeko edota ospatzeko, geroz eta gehiago direla erakutsi dute eta geroz eta indartsuagoa dela mugimendua; horren adierazle dira, baita ere, sortu berri diren bi taldeak.

Beste urte batez, mugimendu feminista geroz eta indartsuagoa dela agerian geratu da eskualdean. Aurten, gainera, bost urtez behin mundu osoa zeharkatzen duen Emakumeen Mundu Martxa pasa da urtea hasi eta berehala eskualdetik, eta harrera beroa egin zaio hainbat herritan. Zubiek pertsona migratzaileentzat duten esanahia irudikatu dute: «Inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira askorentzat, ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte».

Mugimendu feministak mugak hausteko deia egin zuen eta salatu dute transnazionalak direla sistema arrazista, kapitalista eta heteropatriarkala sostengatzeko tresna. Ikuspegi hori lantzeko dosierra prestatu du Emakumeen Mundu Martxak. Eta tokian tokiko talde feministek aztergai izan dute txostena urte honetan zehar.

Egun batzuk geroago iritsi zen martxoaren 8a. Ez nahi bezala, pandemiagatik, baina mobilizazio jendetsuak egin zituzten hala ere eskualdeko herrietan, Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean. Sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista arrakalatzeko deia egin dute aurten: «Geldirik nahi gaituzten arren, antolatuta segitzen dugu eta kaleak gure aldarri feministez betetzeko determinazioz».

Ekainean, ekimen berri bat abiatu zuten Altzoko eragile ezberdinek: Tolosaldeko Irakurketa Feminista Taldeen I. Topaketa. Irakurle taldeei eta oro har irakurzale feministei egin zieten deia topaketarako. Goizean, Kattalin Minerrek dinamizatutako saio batean hartu zuten parte bertaratu zirenek, eta arratsaldean, bertso saio literarioaz gozatu zuten Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Ane Labaka bertsolari eta idazleekin.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean ere kalean izan dira eskualdeko feministak. Matxismoak, arrazakeriak eta klasismoak sistema kapitalistan «korapilo bat ehundu» dutela, eta soka bakarrari tiraka, korapilo hori askatzea «ezinezkoa» dela adierazi zuten Tolosako Asanblada Feministako kideek: «Guztiak etetea da beharrezkoa. Matxismoa ez da desagertuko, jendarte honek bere izate eta aldaera guztiak gaitzesten dituen akordio sozial bat adosten ez duen arte. Eta, horretarako exijitzen dugu, eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzak ildo horretan lan egitea. Erakunde konprometituak behar ditugu, eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzional, elkarretaratze eta argazkiak: nazkatuta gaude promesa faltsuez!».

«Minduta, nazkatuta eta amorruz iritsi gara aurtengo azaroaren 25era ere: izugarria izan da etxean zein kalean jasan behar izan dugun biolentzia-maila eta, izugarria, era berean, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso, gorroto-diskurtso eta baztertzea. Horregatik, aurten, zuzen-zuzenean gure gorputzaren aurka eraso egiten duen biolentzia matxistari jarri nahi izan diogu fokua», esan zuten. Ekitaldietan gogoan izan zituzten 2003az geroztik Euskal Herrian erail dituzten 112 emakume eta 11 adin-txikikoak. Eta horrez gain, urte honetan erail dituzten emakumeen alde ere kontzentrazioak egin dituzte urte guztian zehar eskualdeko feministek.

Eraso matxistek etenik ez

Urte honetan eskualdean izan diren eraso matxista oro gaitzetsi dituzte eskualdeko asanblada feministek; eta salaketaren berri izan bezain pronto kalera atera dira herritarrak, erasorik onartuko ez dutela ozen esateko.

Urtea hastearekin batera eman zuen lehenengo abisua Zizurkilgo Udalak. Herrian gertatutako eraso matxista baten berri izan zutela esan zuten. Eta bigarren eraso bat ere salatu dute Zizurkilen urte honetan: gizonezko batek emakumezko bati eraso egin zion apirilean. Zizurkilgo Udalak, beste behin, indarkeria matxistarik gabeko herri baten aldeko konpromisoa azaldu du eta jakinarazi du norabide horretan lanean jarraituko duela: «Konpromiso irmoa dugu herrian indarkeria matxistaren aurkako protokolo orokorra sortzeko».

Aiztondoko Mugimendu Feministak eman zuen beste eraso matxista baten berri martxoan. Aiztondon gizon batek lau emakume eraso zituela esan zuen, eta emakume hauei elkartasun eta babes osoa helarazteko sinadura bilketa bat jarri zuten abian.

Ekaina hasieran, Tolosako skate parkean izandako eraso matxista baten berri ere eman zuen udalak eta erasoa «irmoki» salatu zuen.

Erasoek etenik ez, eta abuztuan jakinarazi zuen Amezketako Udalak eraso matxista bat izan zela herrian. Emakume batek eta bere haurrak kolpeak jaso zituztela salatu zuen. Ondorengo egunetan elkarretaratzea egin zuten eta argi esan zuten horrelako jarrerek ez daukatela lekurik ez Amezketan, ezta beste inon ere.

Erasoen aurkako lanketak

Eraso matxisten aurkako lanketak egin dituzte, besteak beste, Anoetan eta Amasa-Villabonan. Saiaz mankomunitatea ere aritu da lan horretan. Anoetako kasuan, Adi eta so! behatokia sortu dute, 2018tik hasita zeuden lanketaren bidez. Emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko koordinazioa du helburu.

Amasa-Villabonako Udalak Lurgatz eta Akain talde feministekin elkarlanean kanpaina eta ekintza ezberdinak egin ditu, matxismoak herrian lekurik ez duela aldarrikatzeko. Lau euskarritan gauzatu dute kanpaina: etxez etxe banatu den gida praktiko bat, establezimenduetan jarri diren itsasgarriak, herriko bi sarrera nagusietan jarri diren seinaleak eta herriko hainbat gunetan ezarri dituzten pankartak.

Eta Saiaz mankomunitatea ere ez da geldirik egon. Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa lantzen aritu da, fase ezberdinak aurrera eramanaz. Uda aurretik egin zuten lehen fasea, eta ondorenean etorri da bigarrena, herritarren parte hartze aktiboarekin.

Eta lanketen bueltan, Irurako emakumeek historian egin duten ekarpena ikertzeko beka atera du udalak, eta Amaia Altunak eta Nerea Maizek irabazi dute. Lan horrekin, Irurako emakumeek orain arte arlo publikoan eta pribatuan egin duten ekarpena ikertu dute.

Geroz eta gehiago

Eskualdean feminismoa geroz eta gehiago saretzen ari da. Horren seinale da, bi talde feminista sortu izana: Irura Moretuz eta Aiztondoko Neska Gazteak. «Emakumeen ikusgaitasuna eta ahalduntzea bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko» sortu dute, besteak beste Irurako taldea, eta Aiztondon, berriz, neska gazte eta feministak bilduko dituen taldea osatu nahi izan dute, «elkar zainduz, gozatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!