COVID-19aren pandemiak eragin nabarmena izan du ekonomian. Horren erakusle, 2020ko uztailaren bukaeran 57.000 lanpostu suntsitu zituen Euskal Herrian eta errekuperatuz joan bazen ere, 17.500 langabetu batu ziren 2020 osoan. BPGari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %19,8 jaitsiarazi zuen pandemiak 2020ko bigarren hiruhilekoan, eta urte osoa kontuan hartuta %9,5.
Bada, datu gordinak ikusita eta uneak erakusten zuen ziurgabetasunagatik, 2021 urtea kudeatzeko unean, ezohiko aurrekontua eta zuhurtziaz eginikoa prestatu dute udalek. Kopuruz aurreko urtekoaren antzekoa edo baxuagoa izan da kasurik gehienetan, batez ere foru funtsean izandako jaitsieraren ondorioz.
Hala, ekonomian eta ondorioz gizartean eragindako kaltea arintzea izan da lehentasuna, gizarte zerbitzuen sailean indarra jarriz. Horrekin batera, tokiko ekonomia suspertzera ere bideratu dute aurrekontuaren zati handi bat.
Tolosaren kasuan, 2021erako onartutako aurrekontua 27 milioi eurokoa izan da, aurreko urtekoa baino %1,24 txikiagoa. «Egoerak ezarritako beharretara egokituz» orekatu dute, eta aurrekontu osotik, 5 milioi euro baino gehiago bideratu zituztela Gizarte Zerbitzuetara eta inbertsio soziala %9 areagotu zutela nabarmendu dute. «Aurrekontuko aldaketa handiena izan da. Gaur egungo egoeran, gora egin dute gizarte beharrek, eta horri erantzuteko egin da igoera».
Bestalde, behar berriak sortu ahala, larrialdi egoerari aurre egiteko, soberakina erabiltzea edo zorpetzeak moduko aukerak mahai gainean jarriko dituztela adierazi zuten, «erakundeek ez baitute aurrezteko beharra, dirua erabili egin behar da, herriaren beharrak asetzeko».
Hain justu, 2021eko maiatzean ia 4,9 milioi euroko aurrekontu gehigarria onartu zuten, «ezohiko egoerari aurre egiten jarraitu eta aurreikusitako proiektu estrategikoak eta hirigintza lanak garatzeko».
Bada, Tolosako Udalak prestatutako aurrekontuak lau oinarri nagusi izan ditu. Batetik, gizarte babesa bermatzea, larrialdietarako laguntzen, familientzako diru laguntzen, esku-hartze programen nahiz etxez etxeko arreta zerbitzuaren bitartez edota alokairuaren ordainketa errazteko diru laguntza lerro berria sortuz.
Bestetik, hiri ekonomia suspertzea, Suspertu Tolosa kanpainaren eta bonuen kanpainaren bitartez, besteak beste. Herriko dinamizazioa indartzea izan da beste ardatzetako bat, eta kultur ekitaldiak antolatzen jarraitzeko helburua azaldu zuen udalak, «kultura babestu eta komunitatea sendotzeko».
Laugarren oinarria etorkizuneko Tolosaren oinarriak lantzea izan da. Tolosatzen egitasmoa eta Tolosatzen Eskola Irekia kokatzen dira puntu horretan. Hain justu, azken honetan jasotako ekarpenak aurrekontuan txertatu dituztela azpimarratu zuten udaletik.
2021erako proiektu estrategikoei dagokienez, Zumardi Txikia, kultur etxea, Emakumeen etxea, etxebizitza hutsak birgaitzeko diru laguntzak edota Gorriti plaza eraberritzea nabarmendu ditu udalak.
Urtarrileko osoko bilkuran onartu zuen Amasa-Villabonako Udalak 6.859.326 euroko «ezohiko» aurrekontua 2021erako. «COVID-19ak eragindako krisia 2021ean areagotu egingo dela aurreikusten dugu eta horregatik uste dugu ez dela hau murrizketak egiteko garaia. Ez da geldirik egoteko momentua, ahalegin handiagoa egitekoa baizik, pertsonak erdigunean jarri eta amasar eta billabonatar guztien oinarrizko eskubide guztiak bermatu nahi ditugu, inor bazterrean utzi gabe», adierazi zuten udaletik.
Bada, Gizarte Zerbitzuen sailaren aurrekontua %7,6 igo zutela nabarmendu zuten, COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko eta soziala arintzeko: «Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako dirua %32 igo dugu eta ezohiko laguntza lerro berri bat sortu dugu merkatari, ostalari eta herritarren beharrizanak bermatu ahal izateko», esan zuten.
Osasun krisiak gogorren kolpatu duen sektoreetako bat kulturarena izanik, arlo horretan gehiago inbertitzea erabaki, eta sailaren aurrekontura %7,4 bideratu dute. Era berean, Ingurumen sailak %15,5eko igoera izan du, «besteak beste, errekak garbitzeko eta Amasamendiko basoetan zuhaitz aldaketak egiteko, eta baita, hondakinen kudeaketaren garestitzeagatik ere».
Udalak 646.588 euro aurreikusi zituen inbertsioak egiteko, eta hiru proiektu nagusi nabarmendu dituzte: kiroldegiko teilatua birmoldatzea, eskola publikoko eraikinetan egokitzapenak egitea, eta herriko argiteria led sistemara egokitzen jarraitzea.
Horrekin batera, aurreko urtean pandemiagatik etenda geratu zen prozesu parte hartzailea berreskuratu du udalak. Herritarrek hamaika proiekturen artean erabakitzeko aukera izan dute herri galdeketan, eta bolatokia estaltzea eta padel pista eraikitzea aukeratu dute. 2022an gauzatzeko konpromisoa hartu du udalak.
Alegiako Udalak, bestalde, 2.077.791 euroko aurrekontua onartu du, aurreko urtekoa baino %5,17 txikiagoa.
Gizarte Zerbitzuetara bideratutako gastuak eta pandemiak eragindakoak izan direla bereziki igo direnak nabarmendu zuten. «Hori da gehien kezkatzen gaituena, egoera gehiago okertuko dela aurreikusten baitugu», esan zuten. Era berean, udala kezkatuta agertu da herritarren egoerarekin: «Gure langabezia tasa latza da, beharra duen jende asko dugu eta gizarte zerbitzuetan eskaerak gorantz doaz».
Zaintza eta gizarte babes publikoa, enplegu sustapena eta krisiaren ondorioei aurre egiteko neurriak izan dira, bada, aurrekontuan «arreta bereziz» landutakoak.
Udaletik esan zutenez, guztia aldrebestu die COVID-19ak. «Legealdi hasieran genituen asmoak eta proiektuak, gure pozgarri zirenak, alde batera utzi behar izan ditugu. Mediku etxe berria egitea aurreikusten zen, baina, azkenean ez da egingo. Duguna berritu beharko dugu, eta igogailu gabeko mediku etxea dugu». Eta, aurrekontu baxuagoa izatearekin, arlo askotan jaitsiera egin behar izan dute.
Anoetan, berriz, 2.424.000 euroko diru saila izan du udalak 2021 urtean, iazkoaren oso antzekoa. «Azken urteetan tentuz kudeatu ditugu kontuak eta horri esker, orain krisi egoeran eta foru funtseko ekarpenak jaitsita ere, eutsi diezaiekegu proiektu nagusiei», azaldu zuten.
Osasun krisiaren testuinguruan gizarte-ongizate zerbitzuak hartzen duen esanguran jarri dute azpimarra. Hala, aurreko urtean bulego berria atondu zuten udaletxeko beheko solairuan eta teknikariaren laguntzailea kontratatu zuten, eta 2021ean Gizarte Zerbitzuen saileko teknikariaren lanpostua lanaldi osokoa izatera pasatu da. «Zerbitzua sendotu eta herritarrekin harremanak indartu nahi ditugu».
Udaleko sailen egitura berrikusi eta berrantolatzeko lanean aritu ostean, Lurralde departamendua osatu dute, Hirigintza, Landa Garapena eta Ingurumeneko sailak barne biltzen dituena.
2021eko aurrekontuaren %8,2 inbertsioetara bideratu dute, 180.000 euro inguru. Kontsumoa murrizteko udal eraikinetan auditoria energetikoa egitea aipatu dute, eta ingurumenarekiko sentsibilizazioan sakontzeko parte hartze prozesuak bideratzea.
Etxebizitza hutsak merkaturatzea, Modesto-Enea eremua erosi eta babestea, Ateaga elkartearen eta Igerabide kalearen arteko pasealekua irekitzea, kaleak garbitzeko ekortzaile elektriko bat erostea, udaletxeko artxiboa egokitzea edota landa bideak konpontzea, irisgarritasuna hobetzea eta inbentariatzea nabarmendu dituzte inbertsioen artean.
4.674.064 euroko aurrekontua onartu dute Ibarran 2021erako, aurrekoa baino baino 512.967 euro gutxiago. Kasu honetan ere, gizarte zerbitzuei eman diete lehentasuna, horiek «behar bezala bermatu» ahal izateko.
Inbertsioei dagokienez, aurreko urteetan hasitako Piperraren bideari jarraipena ematea aipatu dute, plazan hasi eta amaitzen den 3,5 kilometroko ibilbide zirkularra osatuz.
Izaskun auzotik Uzturrera doan bidea konpontzea, ur bideak txukuntzea edota hondakin sakabanatuak biltzeko enpresa bat kontratatzea ere aipatu dute.
Horrekin batera, herriko ondare historikoa berreskuratzea eta berdintasunaren alde lanean jarraitzeko II. Berdintasun Plana martxan jartzea ere nabarmendu dute.
Bestalde, inbertsioetarako legealdi plan bat egitea izan da udalaren asmoa, 2023ko maiatzera bitarteko proiektuak zehazteko, eta hori parte hartze prozesuen bitartez egitea bultzatu dute, «herritarren proposamenak eta iritziak biltzeko, herriak erabakitzeko».