Koronabirusa

637 positibo azken lau egunetan

Ataria 2021ko abe. 27a, 15:49

Abenduaren 23tik 26ra 637 positibo atzeman dituzte Tolosaldean. Leaburu-Txarama, Orendain eta Orexa dira positiborik izan ez duten eskualdeko herri bakarrak.

Osasun sailak eguneratu ditu COVID-19ari lotutako datuak eta horien arabera 637 positibo atzeman dituzte eskualdean azken lau egunetan. Tolosan 276 positibo egon dira abenduaren 23tik 26ra, 89 Amasa-Villabonan, 43 Zizurkilen, 40 Ibarran, 28 Iruran, 26 Anoetan, 21 Amezketan, 17 Alkizan eta Asteasun, 15 Berastegin, 12 Bidania-Goiatzen, 10 Alegian, 7 Lizartzan, seina Berrobin eta Abaltzisketan, 4 Ikaztegietan, 5 Gaztelun, 4 Albizturren, 3 Altzon, bina Adunan eta Larraulen, eta bana Baliarrain, Belauntzan, Hernialde eta Elduainen. Gipuzkoako herri guztiak daude eremu gorrian, Orexa izan ezik.

Osasun eremuei dagokienez Tolosaldeko ESIa gorrian dago 2.834,06ko intzidentzia tasarekin eta azpieskualdeka ere egoera ez da hobea eta guztiak daude gorrian: Villabonako ESIak 3.225 tasa du, Tolosakoak 3.074,11koa, Ibarrakoak 2.971,56koa eta Alegiakoak 2.963,51koa.

Atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 4.265 positibo atzeman zituzten eta horietatik 1.503 Gipuzkoan. Momentu honetan ZIUetan 110 pertsona daude eta 381 ospitaleratu. Abenduaren 20tik 26ra 30 hildako egon dira.

Labiren bilera, bihar

Iñigo Urkulluk biharko deitu du Labi batzordea, neurriak zorroztea aztertzeko. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak tabernak 21:00etan itxi nahi ditu, eta edukierak %60ra mugatu. Araudia gogortzea erabakitzen bada, litekeena da neurriak asteazkenean sartzea indarrean, eta urtarrila amaitu arte mantentzea.

Zehazki Eusko Jaurlaritzak tabernak 21:00etan itxi nahi ditu abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an; eta barnealdean elkar daitezkeen jende multzoak hamar lagunera mugatu. Gabonei dagozkien neurri bereziez gain, beste batzuk urtarrilaren 31ra arte, gutxienez, ezarri nahi ditu: gizarte eta kultur jarduerak 01:00ak baino lehen amaitzea, barnealdeen edukiera %60ra mugatzea, tabernetan tente kontsumitzea debekatzea, kirola gehienez ere hamar laguneko taldeetan egitea, edota aldagelen edukiera %50ekoa izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!