ELKARRIZKETA

"Burgesia eredu totalitario baterantz doa"

Ataria 2021eko abenduaren 28a

'Biolentzia kapitalistari, langile batasuna’ lelopean manifestazioa deitu dute ostegun honetarako, 19:00etan, Tolosako Trianguloan. Tolosaldeko Kontseilu Sozialistako kideak dira Jatsu Ormazabal eta Alaitz Iturzaeta.

Zergatik antolatu duzue manifestazioa?

Alaitz Iturzaeta
: Langilegoak urte honen balantze negatiboa egiten dugu. Biolentziaz betetako errealitate sozial batean gaude, eta ondorio zuzenak langilegoak pairatzen ditugu. Biolentzia hori salatu eta gaitzesteko helburuarekin deitzen dugu osteguneko mobilizazioa. 

Hiru biolentzia kasu azpimarratu dituzue. Zeintzuk?
A. I.: Alde batetik, urte honetan eman diren 61 lan erailketa salatu nahi ditugu. Bestetik, indarkeria matxistaren ondoriozko bost emakumeren erailketak gaitzetsi nahiko genituzke. 
Jatsu Ormazabal: Hirugarrenik, ipar eta hego Euskal Herria zeharkatzen zazpi pertsona hil edo erail dituztela salatu nahi dugu. 

Eredu bakarrak ez direla ere esan duzue. 

J. O.: Zeharka ematen diren beste hainbat biolentzia mota daude. Hauek ere ezin dira ahaztu: etxegabetzeak, buruko gaixotasunak, suizidioak... Nahikoa motibo daudela uste dugu guzti horri aurre egiteko eta kalean gizarte kapitalistaren aurkako borroka aldarrikatzeko. Aldi berean, sozialismoaren aldeko aldarria zabalduz. 

Indarkeria mota hauen aurrean, zein da zuen irakurketa?  

A. I.: Biolentzia mota hauek kapitalismoaren estrukturan daude. Kapitalismoa dominazio harreman batean oinarritzen den gizartea da. Burgesiak irabaziak metatzeko langileria soldatapeko lanera kondenatzen du. Hortik abiatuta, beste esfera guztiak barne hartzen eta kontrolatzen ditu burgesiak; dominazio hau ezartzeko eta betikotzeko. Gertaera historikoek erakutsi digute hori erreforma huts batekin ezin dela aldatu. Indarrean dagoen sistema kapitalista eta bere biolentzia guztia ezin da gainditu erreforma bitartez. 

 J. O.: Krisi garai honetan langilegoaren bizitza nola okertzen ari den bizitzen ari gara: langabeziaren, aldi baterako lanaren eta pobreziaren orokortzea nabarmena da. Egoera horri eusteko helburuarekin, burgesia eredu totalitario baterantz doa. Covid ziurtagiriaz gain, pandemian hartu dituzten neurriak. Erreakzionatzen ez duen langileria bat eraiki nahi dute. Horregatik, garrantzitsua da kalera ateratzea egoera guzti honen aurrean. 

Elkarrizketa osoa entzuteko, egin klik hemen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!