GKS-k elkarretaratzea deitu du gaurko "pandemiari eman dioten erantzun autoritarioari aurre egiteko"

Ataria 2021ko abe. 24a, 09:05

Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialistatik elkarretaratzea deitu dute Tolosako Trianguloan, 17:00etan. "Aire librean musukoaren derrigorrezkotasuna, izurriteari aurre egiteko militarrak mobilizatzea eta Covid ziurtagiria" salatu dituzte.

Tolosaldeko GKS-k arratsaldean mobilizazioa antolatu du Tolosan. "Covid-19aren seigarren olatuaren harira" hartutako neurriekin ez daude ados, eta horiei "aurre egin beharra" azpimarratu dute.

GKS-ren arabera, "gero eta nabarmenagoa da enpresari handiek eta politikari profesionalek ezarri duten autoritarismoa: kontrol soziala areagotu da, poliziaren presentzia inoiz baino handiagoa da eta eskubideen urraketak normalizatu egin dira". Gazte koordinadoraren ustez, "izurritea berriro ere kontrolpetik kanpo dago eta agintariek ez dituzte hobetu osasun baliabideak". Aldiz, "politikari profesional despotikoek zentzu sanitariorik gabeko neurriak hartzen jarraitzen dute". Hiru neurri salatu dituzte: "Aire librean musukoaren derrigorrezkotasuna, militarrak erabiltzea kutsaketak kontrolatzeko eta Covid ziurtagiriaren zabalpena". Egoera horrek izen bakarra duela uste dute GKS-tik: "autoritarismoaren normalizazioa".

Duela bi urtetik hona herritarren bizi kalitateak behera "nabarmen" egin duela diote: "Ziurgabetasuna, osasun hondamendia eta oinarrizkotzat genituen eskubideen urraketak eguneroko bizitzaren parte bilakatu dira". Egoera horri aurre ez baldin bazaio egiten, geratzeko etorri delakoan daude. "Orain Covid ziurtagiria, gero neurri murriztaileak, ondoren europar funtsak eta lan erreforma: eta pixkanaka-pixkanaka elite ekonomiko eta politikoen totalitarismoa ezartzen doaz". Zenbait alderdiren jarrera ere salatu dute, izan ere, euren ustez, "ezkerreko deitura duten alderdi politikoen babesarekin ari dira egoera hau normalizatzen". Beharrezkotzat jotzen dute "alderdi instituzional-burgesetatik kanpo", langileria bere kabuz antolatzen hastea eta "neurri zentzugabe" hauei aurre egitea.

Gaurko Tolosako elkarretaratzeaz gain, 17:00etan Trianguloan, urtarrilaren 29an Bilbon eta Iruñean manifestazioak deitu dituzte GKS-tik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!