Badatoz Olentzero eta Mari Domingi

Ataria 2021ko abe. 23a, 11:58

Villabonako Olentzaroren Basoan Mari Domingi eta gainerako pertsonaiak ikusteko aukera izan zen pasa den urtean. L.C.

Herririk gehienetan txokoak prestatu dituzte pertsonaiak agurtzeko; kantuan ere aterako dira herri askotan.

Ohiko hitzorduari eutsiz, hemen dira Olentzero eta Mari Domingi. Pasa den urtean, egoerak bultzatuta, Gabonetako pertsonaiei eginiko ongietorriak apalagoak izan ziren, eta kasu askotan ia ezerezean geratu ziren. Kantuan egitera ere ia ez ziren herritarrak atera. Aurten, ordea, Olentzero eta Mari Domingiri etorrerak egingo zaizkie, eta horrekin batera, hainbat herritan kalejirak ere egingo dituzte. Herri askotan, goizean goizetik abestera irteteko hitzordua ere egina dute.

Kasurik gehienetan, Olentzerorentzat eta Mari Domingirentzat herriko txoko bat prestatu dute, eta bertan egingo diete etxeko txikienek harrera. Txanda desberdinetan izango dira horiek, eta aurrez izena emanda. Badira Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejirak mantendu dituzten herriak, baina, gehienek ohiko modutik aldendu eta «jende pilaketak ekiditeko» ekitaldiak antolatu dituzte.

Tolosaren kasuan, iaz bezala, harrera Gure Zirkuan egitea aurreikusten bazuten ere, azkenean, Olentzero eta Mari Domingi kalean ere ikusteko aukera izango da. Pasa den astean herriko eragileek eta Tolosako Udalak bilera egin zuten, herritarren eskariak tarteko. Bada, ekimen «xumeagoa» gauzatzea adostu zuten udalak, «etxeko txikienek, kalean, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak agurtzeko eta ikusteko aukera izan dezaten». Ibilbidea ohiko zirkuitutik eta jende pilaketak eman daitezkeen eremuetatik kanpo osatuz egingo dute, zezen plazatik abiatuta. «Ekimen laburrak, sinbolikoak eta xumeak izango dira, eta Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek, erraldoiak izango dituzte bidelagun ibilbidean zehar», azaldu dute udaletik.

 

Alegia

17:30. Olentzero eta Mari Domingi plazan egongo dira, 17:30tik aurrera.

Amasa-Villabona

09:30. Onddo Gazte Asanbladak deituta, kantari ateratzeko deia.

Amezketa

11:00. Haurrak kantari ibiliko dira, guraso elkarteak prestatutako ibilbidea jarraituz.

12:15. Guztiak elkartuko dira Abaltzisketako bidegurutzean, eta elkarrekin abestuko dute.

Anoeta

17:00. Olentzerori eta Mari Domingiri harrera elizaren portikoan. Umeak taldeka sartuko dira.

Berastegi

18:00. Olentzero eta Mari Domingiri etorrera egingo diete herritarrek, herriko plazan.

Berrobi

10:30. Herrian zehar kantari ibiliko dira.

Ondoren. Hamaiketakoa.

18:00. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera musika eta dantzariek alaiturik.

Ibarra

Goizean. Gazte asanbladako kideak abestera irtengo dira.

11:00-13:00. Olentzero eta Mari Domingi Emeterio Arrese parkean izango dira.

12:00. Alurr dantza taldearen dantza emanaldia, Emeterio Arrese parkean.

Irura

12:30. Olentzerorentzako gutunarekin batera, herritarrek etxean dituzten jostailu erabiliak jasoko ditu Mari Domingik.

Arratsaldean. Olentzero, Mari Domingi eta lagunak frontoian izango dira, eta txandetan egingo dituzte bisitak herritarrek.

Ikaztegieta

09:00. Euskal preso eta iheslarien alde abesteko deia. Kiroldegian egin dute hitzordua, ondoren herrigunea kantuz alaitzeko. Aurten ez dira baserrietara joango, herrigunean ibiliko dira.

Lizartza

09:00. Baserriz baserri kantuan ibiliko dira, Joxe Mariko parkinetik abiatuta. Lizartzako parrokiak antolatuta.

18:00. Olentzeroren jaitsiera.

18:30. Olentzeroren harrera, herriko plazan.

18:45. Kantu poteo herrikoia Gabon kantak abestuz, herriko plazan, Hostotsa abesbatzak antolatuta.

Tolosa

11:00-14:00 eta 16:00-19:00. Olentzero eta Mari Domingi bisitatzeko aukera, Gure Zirkuan, aurrez txanda hartuta.

12:00. Tolosako Musika Bandak Eguberrietako kontzertua eskainiko du, Alondegia plazan.

19:15. Olentzero eta Mari Domingi zezen plazatik abiatuko dira, Foruen etorbidea hartu eta San Frantzisko pasealekua igaroko dute, Pedro Tolosa eta San Frantzisko pasealekuaren arteko bidegurutzeraino. Bertan emango diote amaiera ibilbideari.

19:30. Musika bandaren Gabon gaueko kalejira, geldialdirik gabe.

Zizurkil

Olentzerok herriko umeei bisita egingo die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!