Manifestazio isila deitu dute euskal presoen "salbuespen legedia indargabetzea" eskatzeko

Ataria 2021ko abe. 24a, 07:59

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udal ordezkariek hilaren 31rako manifestazio isila deitu dute, Euskal presoen eskubideak errespetatu salbuespen legedia indargabetu lelopean. 19:00etan Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatuko da manifestazio isila eta Villabonako Errebote plazan amaituko da. Herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udal ordezkariek egun bereziak iritsi direla eta, urtero moduan, euskal presoak gogoan dituztela adierazi dute. Elkartasuna agertu asmoz, hilaren 31rako manifestazio isila deitu dute. 19:00etan Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatuko da manifestazio isila, eta Villabonako Errebote plazan amaituko dute. Giza eskubideak, elkarbizitza eta bakea gogoraraziz, herritarrei dei egin diete, Euskal presoen eskubideak errespetatu salbuespen legedia indargabetu lelopean. 

Aiztondoko udal ordezkariek adierazi dute: "Euskal presoek pairatzen duten salbuespenezko kartzela politika gaitzesten dugu, eta espainiar eta frantziar estatuei presoen eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela exijitzen diegu". 

Aitortu dute azken urtean aurrera urrats batzuk eman direla eta positiboki baloratzen dituztela, baina "ez dezagun ahaztu oraindik 104 preso daudela Euskal Herritik kanpo, tartean, Aiztondoko preso guztiak, eta ondorioz haien eta haien familien eskubideak urratzen jarraitzen dutela". Horrez gain, azpimarra jarri dute: "Ez dezagun ahaztu euskal presoen %94k bigarren graduan jarraitzen duela, eta 10 baino ez direla hirugarren graduan daudenak. Egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean".

Guzti horri "justiziaren jarrera atzerakoia" batzen diote: "Espetxeetako juntatik gradu progresioren bat edo espetxe baimenen bat lortzen denean, Auzitegi Nazionalak errekurritu, blokeatu eta geldiarazi egiten ditu erabaki horiek".

"Oinarrizko hiru eskaera"

Manifestazio isilerako deia eginez, hiru puntu nabarmendu dituzte Aiztondo bailarako udal ordezkariek. Lehenik, "euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko kartzela neurriekin amaitzea eta legedia arrunta aplikatzea", eskatu dute. "Beharrezkoa da presoei bidegabeko zigor erantsia ezartzen dieten neurriekin behin betirako amaitzea, eta euskal presoei preso guztiek dituzten eskubide berberak aitortzea". 

Bestetik, "gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoen kaleratzea" nahi dute, eta "gaixotasun sendaezinak dituzten presoek espetxetik irten eta etxetik hurbil dagoen erietxe batean artatuak izateko eskubide osoa dute", aldarrikatu dute. Eta bukatzeko, "70 urtetik gora dituzten presoak kaleratzea"exijitu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!