Tolosako Leidor aretoak urteroko Ataria Bertso Jaialdia hartuko du urtarrilaren 22an. Saioa 18:00etan hasiko da eta Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan eta Amaia Agirrek egingo ditu gai-jartzaile lanak. Saio berezia izango da 2022koa ere egoerak eskatutako segurtasun neurri guztiak bete beharko baitira.
Saioa ikusteko sarrerak astelehenean jarri ziren salgai eta bi egunetan 300 sarrera saldu dira Atarikideen artean. Gaur arratsaldetik aurrera berriz, edozeinek erosteko aukera izango du. Sarrerak Ataria-ko egoitzan salduko dira (San Esteban auzoa, 20, Tolosa), zenbakituak izango dira eta ez da erreserbarik onartuko.
Atarikideek 15 euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza eta gehienez bi sarrera erosi ahalko dituzte prezio horretan. Bi sarrera baino gehiago erosi nahi izanez gero, sarrera bakoitzarengatik 17 euro ordaindu beharko dituzte. Atarikide ez direnek berriz, 17 euro ordaindu beharko dituzte eta asteazkenetik aurrera izango dute erosteko aukera.
Abenduaren 22tik aurrera, eta bertso jaialdirako sarrerak geratzen badira, beste ordutegi bat zehaztuko da horiek erosi ahal izateko.