Tolosaldeko ospitale publikoa

"Arreta ahalik eta antzekoena jaso beharko genuke ospitale berria eduki bitartean"

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 22a, 09:59

Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak, beste behin, eta ospitale berria inauguratu bitartean, gainerako eskualdeetako herritarrek jasotzen duten arretaren ahalik eta antzekoena jaso beharko luketela eskatu du. Era berean, sindikatuek gaurko deitu dituzten mobilizazioekin bat egin dute, eta hilaren 24an, 12:30ean egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute.  

TOPA Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak herritarrek ahalik eta "informazio onena" izaten jarraitu dezaten, lanean jarraituko duela azpimarratu du: "Zeregin hori dutenek ez dute egiten eta". Oraingoan, kezka larria sortzen dieten gaia jarri nahi izan dute mahai gainean, eta galderak dituzte egiteko. Ospitale berria egin bitartean, "zer arreta mota eta zer kalitatekoa jasoko dugu?". Agintariek zein asmo duten jakin nahi dute TOPAkoek: "Orain jasaten ari garen kalitate eskaseko arreta jasotzen jarraitu behar al dugu?" eta "ez al luke arreta horrek gainerako eskualdeek jasotzen dutenaren parekoa izan behar?", luzatu dute.

Osasun Saila plan funtzionala egiten ari dela esan dute TOPAtik, eta gaiarekin zerikusia duten alderdi guztiek parte hartu beharko luketela proposatu dute: udalek, langileek, erabiltzaileek, sindikatuek... Behin adostu eta onartutakoan izango litzateke obren txanda, eta gero etorriko lirateke materialaz hornitzea eta langileak hartzearekin lotutako guztia, baina TOPAren hitzetan, eta laburbilduz: "Dena bukatzerako urte asko pasako dira".

Egoera honek "luzaroago" ezin duela horrela jarraitu azpimarratu dute: "Gure iritzian gainerako eskualdeek jasotzen duten arretaren ahalik eta antzekoena jaso beharko genuke harik eta Tolosaldeko ospitale berria inauguratzen den bitartean". Eta bien bitarte horretarako, "Asuncion klinikarekin hitzarmena sinatu aurreko egoerara" itzultzea eskatu dute. Horrela, "klinikan ematen dioten arretarekin gustura dagoena klinika horretara joan daiteke edo bere kontsultategietara, eta ados ez dagoena, Donostia ospitaleko kontsultetara edota ingresatzera joan daiteke hitzarmena sinatu aurretik bezala". 

Azpimarra jarri eta gogora ekarri dute Tolosaldeko herritarrek egiaztatua dagoela "arreta eskasa" jasotzen dutela eskualdean. Donostia ospitaleko Pazienteen Arretarako Zerbitzuan aurkeztutako "kexa mordoak" hori erakusten duela azaldu dute, eta sailburuak berak ere onartua duela. Zergatia argi dute TOPAkoek: "Ez dago behar adinako lan talde funtzionalik, eta gainerako eskualdeetako ospitaleetako langile kopuruarekin konparatuz gero, gutxi gorabehera, hirutik bat falta zaio".

Era berean, "espezialisten lanak egiten ari diren medikuen %50ek, gutxi gorabehera, ez dauka espezialista homologatuaren titulurik eta mediku orokor bezala agertzen dira Gipuzkoako medikuen elkargoan", adierazi dute plataformako kideek, eta gaineratu dute "gezurra badirudi ere espezialista moduan lan egin dezakete, nahiz eta espezialista ez izan". Erokeriatzat dute Osasun Sailak "babesten eta bultzatzen" duena, eta "ez du ezer egin klinikarekin sinatutako hitzarmenean jasotakoa betetzeko", diote. Hitzarmen horren 3.3.1 puntuak zehatz-mehatz zer dioen argitu dute: "Zerbitzu publikoko pazienteei arreta emateko espezialista guztiek espezialista tituluaren jabe izan behar dute".

50 urtetik gora daramatzala klinikak martxan eman dute jakitera eta urte guzti horietan ez dela egin ez aldizkako erreforma obrarik, ezta diagnostiko baliabideak hornitzekorik ere, Bidasoakoan edota Debagoienakoan egin den moduan. 

Lehen arreta, funtsezkoa

TOPAkoak ez ditu ospitale berriak bakarrik kezkatzen: "Lehen mailako arreta osasun arreta publikoaren funtsezko zati bat da". Pandemiak lan kargak handitzea eta gaixotasunagatik langileak murriztea ekarri dituela nabarmendu dute. "Lehen mailako arretako lan taldeak indartzea beharrezkoa da langile gehiago kontratatuz: medikuak, erizainak, arakatzaileak, administrariak... Lehentasuna da pandemia honi aurre egiteko. Ezin da lan gehiago egin langile gutxiagorekin", eskatu dute.

Hau guztia kontuan hartuta, sindikatuek gaurko deitu dituzten mobilizazioekin bat egin eta parte hartuko dutela esan dute. Alde batetik, gaur, 13:00etan, Tolosako anbulatorioaren aurrean izango da elkarretaratzea, eta arratsaldean, Belateko kontsultategitik giza kate bat abiatuko da anbulatorioraino.   

Bukatzeko, TOPAk, hilaren 24rako deia egin du. 12:30ean, udaletxe aurrean, elkarretaratzea egingo dute, eta Hator Hator abestia moldatuz, aldarrikapenez betetako abestia abestuko dute.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!