Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoera salatzeko mobilizazioak, bihar

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 21a, 15:22
Tolosako anbulatorioaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, bihar.

Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera "jasanezina" salatuko dute bihar SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Tolosako anbulatorioaren aurrean eta 18:00etan giza-kate ibiltari bat egingo dute Asuncion ospitaleak Belaten duen egoitzatik anbulatoriora bitarte.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte bihar, osasun zentroetan. Tolosaldeari dagokionez 12:00etan bilduko dira Tolosako anbulatorioaren aurrean eta 18:00etan giza-kate batean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Sindikatuek esan dute Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera "jasanezina" dela bai langileentzat eta baita herritarrentzat ere. "Pandemiak are gehiago tenkatu du lehen ere hilzorian zegoen asistentzia-mailaren egoera; izan ere, arazoak egiturazkoak dira, eta egungo osasun-krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak", esan dute. Dena den, pandemiak osasun zerbitzuaren kalitatea prekarizatu duela esan dute eta  murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzako aitzakia bezala erabili dutela salatu.

Gogoratu dute 2019an, pandemia aurretik, hiru greba egin zituztela langileek "inbertsio faltagatik, irisgarritasun murrizketengatik, zerbitzuen eskaintza ezagatik eta profesionalen eskasiagatik". Ordutik egoerak okerrera egin duela esan dute eta agerian geratu dela Osakidetzako arduradunen aurreikuspen falta. "Horren guztiaren adibide ona da langileak seigarren olatuari aurre egiteko erabiltzen ari diren baliabide, antolaketa eta plangintza eza. Lehen olatua izan eta urte eta erdira, osasun zerbitzu urria, nekatua eta baliabiderik gabe dugu". Nabarmendu dute langileek %60 inguruko behin behinekotasun tasa dutela, urrian indartze kontratuak amaitu zituztela, arakatzaileak erdira jaitsi dituztela eta herritarrek telefono bidezko arreta jasotzen dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!