Osasun sailak emandako azken datuen arabera, abenduaren 13tik 19era 547 positibo atzeman dituzte, eta azken egunean 48 izan dira: Tolosan 19, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen 6na, Alegian, Berastegin eta Ibarran 3na, Anoetan eta Asteasun 2na eta Alkizan, Amezketan, Bidania-Goiatzen eta Orendainen bana.
Altzo, Baliarrain, Hernialde eta Orexan ez da positiborik izan azken astean, eta eremu berdean daude intzidentzia tasari erreparatuta. Gainerako herriak, eremu gorrian daude. ESIei dagokienez, Tolosaldekoa nahiz Alegiakoa, Ibarrakoa, Tolosakoa eta Villabonakoa gorrian daude, 1.500etik gorako tasarekin.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 14.928 positibo atzeman dituzte azken astean, eta atzo, 1.607 positibo berri atzeman zituzten. 324 pertsona daude ospitaleratuta, eta 105 pertsona daude ZIUetan. Azken 14 eguneko intzidentzia tasa 1.179koa da. COVID-aren eraginez 38 pertsona hil direla azken astean azaldu du Osasun Sailak.
Bertan behera
Osasun larrialdia dela eta hainbat ekitaldi bertan behera uzten ari dira. Villabona eta Zizurkil arteko San Silvestre lasterketa ez egitea erabaki dute Zunbeltz eta Urkamendi elkarteetako kideek. Urtarrilaren 23rako aurreikusita zegoen Tolosako XXXIV. Ero-Etxe Krosa ere bertan behera utzi dute eta eta Adunako Udalak Eguberrietarako antolatutako ekitaldiak ez ditu egingo.