Gure aterkiaren pean nahi zaituztegu

Ataria 2021eko abenduaren 24a

Pandemia garaiko bigarren urtea amaitzera goazen honetan, nekea guztion ahotan dagoen hitza da. Nekea osasun larrialdia beragatik baina baita hark sortu dituen albo ondorio guztiengatik ere. Ekonomikoki gizarte osoa astindu du pandemiak berak eta Ataria ez da salbu geratu. Gure aterkiak ez gaitu erabat babestu; eskualdeko tokiko komunikabidearen baliabide ekonomikoetan bere eragina izan du: harpidetzetan, publizitatean zein zerbitzuetan.

Enbatan murgilduta gauden honetan, urtea ez du erraz itxiko Tolosaldeko Atariak. Hurrengo urtean gainera, denboraleak jarraipena izan dezakeelakoan gaude, ziurgabetasunez betetako urtea iragartzen baitute 2022a. Euskarazko komunikabideak, hala ere, ekaitzari aurre egiten ahalegindu, eta gertuko informazioa, euskaraz eta profesionalki eskaintzen jarraituko du. Horretarako baina, ezinbestekoak izango dira, betiko legez, Atarikideak, publizitatea jartzen duten enpresak zein erakunde publikoak ere.

Ekaitzak gogor jota ere, Atariak bere iparrorratzari jarraika segituko du; bertakoa bertakoentzat eskainiz, bertakoentzat babesgune izaten. Honela, zuei guztioi, Atarikide, iragarle, erakunde publiko, gurean jarraitzeagatik eskerrak eman nahi dizkizuegu. Izaten laguntzen diguzuelako, bidelagun izate horretan, gure egitekoa, gure lana zuen barren-barrenetara eramaten laguntzen diguzuelako. Gisa honetara, Atariako lantaldeak bereziki eskerrak eman nahi dizkizue banatzaileei; etxez etxe gure albisteak barreiatzen dituzuen horiei, etxeetako postontzi eta atariak zeharkatu eta etxeen epeltasuneraino sartzen laguntzen diguzuenoi.

Zaparradak jarraitu bitartean, kolaboratzaileok leiho bat irekitzen lagundu diguzue, aniztasunetik. Herri-eragileak albiste-emaile izaten jarraitu duzue; gure komunitatearen aterpean jarraitu duzue.

Eta aurrerantzean ere hor nahi zaituztegu, Atarikideak, iragarleak, erakundeak, gure aterkiaren pean. Etor dadila 2022a!

Tolosaldeko Ataria-ko lantaldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!