Biolur elkartea agroekologia bultzatzeko bazkide bila

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 16a, 19:59

Nekazaritza biologikoa bultzatzeko sortua den Biolur elkarteak bazkide izango diren ekoizle eta herritarrak lortu nahi ditu 'Gure lurriña' kanpainarekin.

Nekazari talde batek duela 27 urte sortu zuen Biolur elkartea Gipuzkoan nekazaritza biologikoa bultzatzeko. «Hasieratik, ekoizle asko ez ginen elkartean, eta beharrezkoa ikusten zen teknikarien eta herritarren parte hartzea», kontatu du Gregorio Zuaznabar anoetar ekoizleak. Elkartearen sorreratik dagoen baserritarra da, eta orain, Gure lurriña kanpaina martxan jarri dute bazkide berriak lortzeko helburuarekin. Ekoizleak eta herritarrak nahi dituzte.

Gaur egun Biolurren ekoizleak daude, hau da, abeltzainak, nekazariak eta okinak. Horiez gain, hiru teknikarik eta herritarrek osatzen dute elkartea. «Herritarrek, azken batean guk egiten dugun lana eta ekoizpen sistema alternatiboa babesten dituzte», dio Izaro Zubiria teknikariak. Ekoizpen ekologikoa edo agroekologia sustatzeko elkartea dela azaldu du: «Maila guztietan, herritarren mailan, tekniko mailan eta ekoizle mailan».

«Ekoizpen ekologikoa gero eta gehiago garatzen ari da, eta gero eta ustialeku gehiago pasatzen ari dira», zehaztu du teknikariak, eta garbi du: «Etorkizuna ekoizpen ekologikoan dago». Arrazoi ezberdinak aipatu ditu Zubiriak: «Herritarrak eta kontsumitzaileak kontzientziatuago daude, Europatik datozen laguntzak horretara bideratzen dute, osasuna bera ere jada eskatzen ari zaigula uste dut, eta natura bera ere ate joka dago». Gauzak aldatu egin behar direla, eta beste era batera egin beharra daudela uste du Zubiriak.

Gure lurriña kanpainarekin elkartea indartzea lortu nahi dute. «Elkartea indartzearekin batera guk babesten ditugun eredu horiek indartzea nahi dugu, eta gure ideologia eta gure lan egiteko modua», azaldu du teknikariak. Biolur elkarteak elkarrekintza bilatzen du, hau da, baserritarren arteko harremanak sustatu eta elkarri laguntzea nahi dute. «Askotan sektore honetan lan egiten dutenak edo baserritarrak bakarrik sentitzen dira. Norberak bere bidea egin du», argitu du. Biolur elkarteak hori «elkarrekintza eta elkarri laguntzea» sustatu nahi ditu.

BAZKIDE IZATEA BAINO GEHIAGO

Bazkide denak urteroko kuota bat ordainduko du. Baina hortik harago joan nahi dute, eta bazkideak parte hartzaile izatera animatu nahi dituzte, «aktiboak» izatea nahi dute. Herritar moduan bada ere, «behar ditugu, gure eredua eta guk egiten dugun lana babesteko», diote. Ekoizleen, kasuan, berriz, «beste baserritar batzuei laguntzeko, edo jende gazteari laguntzeko».

Zuaznabarrek gehitu duenez, «elkarte txikia izanik, denok batzeak, aukera ematen digu ekoizpen ekologikoan edo biologikoan gabiltzanok jende artean gehiago zabaltzeko. Beharrezkoa dugu, eta agian Biolur bezala gehiago landu behar dugu bazkideen tokia».

Azken batean, elkartea ezagutzera eman nahi dute, eta azpimarratu dute: «Kontsumitzaileei interesatzen zaie ekoizpen ekologikoa sustatzea, azkenean elikagai hobeak izango dituztelako eta erosteko aukera izango dutelako».

BIOLURREKO KIDEAK

MIRIAM SALDIAS
BERROBI

«Biolurren hasi berriak gara. Osaba aspalditik izan da kide, eta guk ez dugu zalantzarik izan jarraitzeko. Bertako kide gara aholkularitza jaso eta norbaiten beharra beti dagoelako. Urtero-urtero gauza berriak pasatzen dira baratzetan, eta norbait edukitzea zalantzak galdetzeko ondo etortzen zaigu. Deitu eta segituan argitzen digute, bertara etortzen dira. Segurtasuna ematen digu.

Elkarte baten kide izateak sare bat sortzen du. Herritar batek pentsatu dezake zertarako izango naiz kide? Baina berak zer beharko lukeen edo zer gustatuko litzaiokeen esaten baldin badigu, oso ondo etorriko litzaiguke. Agian guk posible dugu egin. Gertutik ikusi dezakete guk nola lan egiten dugun, eta konfiantza osoa eduki dezakete erosten duten produktua, azkenean, bertakoa eta ahalik eta era onenen egindakoa delako».

ENEKO IMAZ AMIANO
ELDUAIN

«Biolur baratzearekin hasi nintzenean ezagutu nuen. Babesa bilatzea izan zen. Nik baratzeko konturik asko-askorik ez nekien, eta babesa bilatu nuen. Laguntza. Laguntza teknikoa, edozein arazo, galdera, kezka daukazunean hor jende bat dago, eta beste Biolurkide batzuk daude, beste ekoizle batzuk eta horrekin nolabaiteko sare bat osatzen duzu. 
Maila orokorrago batean, eta gizarteari begira bere funtzioa egiten duela iruditzen zait. Ekoizpen ekologikoa bultzatuta horrek gizarteari ekarpena egiten dio. Gizarte aldetik, uste dut gauzak pixka bat aldatzen ari direla. Nahi baino gutxiago edo mantsoago, baina aldatzen ari dira. Aldatzea beste erremediorik ez daukagu. Alde horretatik ekarpena egiten du Biolurrek.  Guri lagunduz, nekazaritzak aurrera egin dezan, eta  beharbada gizarteari ekarpen zuzenagoa eginez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!