Martxan da Tolosaldeko Energia Bulegoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko abe. 15a, 19:59

Herritarrei energia alorreko arreta pertsonalizatua emateko, bulego birtuala jarri dute martxan; argibideak emateaz gain, doako online aholkularitza eskaintzen du.

Tolosaldeko Energia Estrategiaren barruan, kultura energetiko berri bat sortu asmoz, lanean jarraitzen du Tolosaldea Garatzen garapen agentziak. Horregatik, eskualdeko udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin elkarlanean, energiari buruzko informazioa eman, eraldaketarako sentsibilizatu eta formazioa sustatzeko, Tolosaldeko Energia Bulegoa jarri du martxan.

Ingurumen departamentuak eta garapen agentziak, eskualdeko energia-plana bultzatzeko sinatu duten hitzarmenaren barruan kokatzen da proiektu hau. Energia-pobreziari aurre egin eta Tolosaldean energia-eredu jasangarria sustatzea du helburu, eta bi lan-ildo nagusi izango ditu: energia-pobreziaren murrizketa edota prebentzioa eta energia kontsumoaren optimizazioa. Horretarako, 50.000 euroko diru-laguntza eman dio aldundiak Tolosaldea Garatzeni.

Koordinatutako eragile guztien ekimenek, «Gipuzkoan energia-eredu berri baterako bidea egitea» ahalbidetuko dutela azpimarratu du Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. «Funtsezkoa da uneoro erabakirik egokienak hartzen laguntzeko prest dauden herritar ahalduntzea, horiek izango baitira lurraldeko energia-trantsizioa ahalbidetuko dutenak», esan du.
Asensiok «ezinbestekotzat» jo du bulego birtuala, «gertuko informazioa» ematen duelako. «Gai konplexua da energiarena, askotan heltzen zaizkigun ordainagiriak ere ez ditugu ulertzen, eta beraz, beharrezkoa da laguntza eskaintzea», gaineratu du.

Zerbitzua, lau esparrutan

Bulego birtualaren sorrera beste urrats bat izango dela aurreratu dute. Herritarrei eta eskualdeko saltokiei dago zuzenduta. Hasiera batean, urtarrila amaitu arte egongo da martxan, eta jasotako erantzunen arabera, urte berrian jarraipena izatea aztertuko dute. Energia alorreko informazio erabilgarria emango du webguneak.

Nagusiki, lau esparrutan banatuko da zerbitzua. Batetik, argindarraren ordainagirian eta horren analisian sartutako kontzeptuak ulertzen laguntzeko, doako aholkularitza zerbitzu bat eskainiko da. «Azterketa pertsonalizatua izango da, dauden tarifei buruzko informazioa emango da, eta egokiena zein den aholkatuko da, gastu elektrikoa murriztera bideratzeko», esan du Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak.

Bestetik, energia-konpainiekin eta administrazioarekin laguntzak, isunak eta kudeaketak izapidetzen lagunduko dute. Horrez gain, partikularrei eta bizilagun komunitateei energia berriztagarriak instalatzeko proiektuei buruzko aholkularitza zerbitzua eskainiko dute, esparru horretan lan egiten duten eragileekin koordinazioan. Azkenik, energia-kontsumoaren ohiturak hobetzeko jarraibideak emango dituzte, eta formazio-ekintzak eta kontzientziazio-kanpainak martxan jartzeko ere aholkularitza pertsonalizatua emango da.

Zalantzak argitzeko eta trantsizioa gauzatzen laguntzeko, Tolosaldeagaratzen.eus webgunea bisitatu dezakete herritarrek. Bertan aurkituko dute energia bulegoari buruzko web-orria. Arreta pertsonalizatua nahi izanez gero, tolosaldekoenergiabulegoa@gmail.com helbidera idatzi behar dute. Gaian aditua den teknikari batek erantzungo ditu herritarren galderak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!