Ostiralean, Ikaztegietan, Suizidioa, gure aurrean ezkutatzen den errealitatea hitzaldia izango da, eta hizlari moduan ariko dira Iker Peregrina Aidatu Euskal Suizidiologia elkarteko kidea eta Beasaingo Institutuko filosofia irakaslea den eta Iruran bizi den Itsaslore Yarza (Gallarta, 1982). Yarzak bere testigantza kontatuko du, eta bere bizitza «bizigarri» egin nahian dabilela aitortu du.
Isilean dagoen gaitza da?
Badirudi kostatzen zaigula suizidioaz hitz egitea. Aurrean daukagun errealitate bat da, eta horri buruz hitz egiteak, entzuteak eta hausnartzeak beldurra ematen digu. Eta ez bakarrik suizidioak, baizik eta heriotzak berak. Nahiz eta bizitzaren parte bat den, horri aurre egitea saihesten dugu. Joxe Azurmendik esaten duen bezala, heriotzarekin bizitzen ikasi behar dugu. Heriotzari beldurra diogu eta suizidioak beldur gehiago sorrarazten digu.
Mahai gainean jarri beharko genuke egunerokoan?
Suizidioaz ez hitz egiteak eta ezkutatzeak estigma eta intzidentzia maila areagotu baino ez du egiten. Egia da nahiko hedatua dagoela hitz egitea arriskutsua delako ustea, baina uste bat da.
Mito bat da, beraz?
Hitz egitea onuragarria da, betiere ondo hitz egiten baldin badugu. Garrantzitsua da sentsazionalismotik urruntzea. Hau oso-oso argi azaltzen du Gabriel Gonzalezek Hablamos del suicidio liburuan. Bertan, Robin Williamsen suizidioari buruzko ikerketa sakon bat egiten du, eta komunikabideetan zein era kaltegarrian aurkeztu zen azaltzen du. Nola egin behar den azaltzen du: hitz egin behar dugu estigma kentzeko eta bere buruaz beste egin duen baten familiari pisua kentzeko. Baina iruditzen zaigu kutsatze efektua egongo dela, eta efektu horri Werther efektua deitzen zaio.
Zer esan nahi du horrek?
Werther Goetheren lan baten protagonista da, eta bere buruaz beste egiten du. Werther efektua galdera batean laburtu daiteke: Berak bere buruaz beste egin badu, nik zergatik ez? Baina horren aurrean Papageno efektua dago. Mozarten txirula magikoaren protagonista da. Honek, justu, buelta ematen dio: Bera kapaza izan bada gainditzeko, ni zergatik ez? Papageno efektu hori suizidioaz hitz eginez bultzatu daiteke. Era osasuntsu batean hitz eginez. Prebentzio neurri bat da.
Beraz, hitz egitea komeni da.
Suizidioa zerbait oso intimoa bezala ikusten dugu, baina Durkheim soziologoak aspaldi ikertu zuen dimentsio sozial bat ere badagoela, hau da, gizarte babesak lagundu dezakeela prebentzioa egiten. Gizartean hitz egitea eta gizartearen babesa izatea prebentzio neurri bat izan daiteke.
Gizartea kontzientziatu edo sentsibilizatu beharra dago?
Zorionez 2019an EAEn suizidioak prebenitzeko gida bat atera zen. Ordutik hainbat ekimen egin dira, eta horren gainean lanean ari gara eta elkarteak ere hor daude. Baina hala eta guztiz ere, oraindik ez da nahikoa. Datuek ere hori esaten digute: EAEn, iaz, Eustaten arabera, 184k egin zuten bere buruaz beste eta horrek esan nahi du heriotza bat daukagula bi egunetik behin. Honi aurre egitea guztion ardura da. Dimentsio soziala ukatzeak, prebentzioa oztopatzen du.
Hezkuntzatik ere hasi beharko litzateke?
Institutuetan-eta honi buruz hitz egitea inportantea litzateke. Bere buruaz beste egin duen pertsona baten inguruko sei zuzenean kaltetuak izan dira. Gure ikasleen artean, nahiko seguru, horrelako zerbait gertutik bizi izan duen pertsona bat izango dugula, baina irakasleon artean beldurra sortzen zaigu. Formazio gutxi dugu, ez dakigu nola landu, material asko ez dago,...
Tabuak apurtu behar dira?
Suizidioa konplexua da. Atzean kausa aniztasuna dago, eta askotan sinplifikatzera jotzen dugu. Gaur egun suizidioaz mito pilo bat daude, eta hortik hitz egiten dugu. Mito horiek desegitea izango litzateke lehen pausoa.
Zeintzuk dira mito horiek?
Ez da egia pertsona bati bere buruaz beste egiteko intentzioa duen galdetzea txarra dela. Pertsona bat larritasunean ikusten badugu, asertzio era batean eta era enpatiko batean galdetzea onuragarria izan daiteke. Pertsona horrek gurekin konexio bat sentitu dezake, eta zabaldu egin daiteke eta barruan daukan haserrea-edo atera dezake. Horrek lagundu egin diezaioke. Beste mito bat da bere buruaz beste egingo dutela adierazten dutenean, ez dutela egingo. Horrekin kontuz ibili behar dugu. Norbaitek esaten baldin badu, ez da gezur bat, entzun egin behar zaio eta adi egon. Batzuetan suizidio saiakera egin duen batek arreta deitu nahi duela esaten da, eta ez diogu ia kasurik egiten. Horrelako kasuak jarraitu egin behar dira, eta ez da egia arreta deitzea izan daitekeela helburu bakarra. Kontuz ibili behar da. Hedatua dago bere buruaz beste egiten dutenak erotuta daudela edo arazo psikiatrikoak dituztela. Ez da beti horrela. Beraz, horrelako gauzak jakitea inportantea da.
Gizarteak ez daki?
Seguruenik behar baino gutxiago. Horregatik pozik gaude Ikaztegietara joan, eta gai hau gizarteratzearekin. Guretzako oso garrantzitsua da.
Ekidin daiteke norbaitek bere buruaz beste egitea?
Kasu batzuetan agian ez, eta kasu batzuetan agian ez da egin behar, baina noski prebentzioan lan egin behar da. Trafiko istripuak ekidin daitezkeen bezala, pertsona bat larri dagoenean bere buruaz beste ez egitea ere prebenitu daiteke. Zergatik? Pertsona horren helburua ez delako hiltzea, pertsona horren helburua sufrimenduarekin bukatzea da. Orduan, sufrimendu hori amaitzeko edo samurtzeko neurriak daudela helarazten baldin badiogu, kasuren bat seguruenik ekidingo dugu.
Eta nola lan egin daiteke egoera horretan dauden pertsonak laguntzeko?
Neurri bat mitoak saihestea izango litzateke. Prebentzio neurriak ere badaude, esaterako, eskura ez izatea suizidatzeko balio duten armak edo antzekoak. Beste puntu inportanteetako bat herri edo hirietan dauden puntu gorriak zaintzea da. Amildegi bat baldin badago barandak jartzea, kartelak... Getxon horretan ari dira. Seulen ekimen bat egin zuten zubi batean. Pertsona askok bere buruaz beste egiten zuen, eta sentsore batzuk jarri zituzten baranda ondoan, eta pertsona aurrera zihoan heinean argien bitartez mezuak iristen zitzaizkion. Onena iristear dago, argazkiekin besarkadak edo haur irribarretsuen argazkiak. %80 murriztu zen suizidio kopurua. Argi dago egin daitekeela eta neurriak aplikatu daitezkeela.
Badaude alarma seinaleak?
Pertsona bat arrisku larrian egon daitekeela adierazten duten abisuak badaude. Bere burua zama bezala ikusten duenean besteentzako, eta hori adierazten duenean: «hobe jaio izan ez banintz», edo «hobeto egongo zinatekete ni gabe» bezalakoak. Beste alarma seinale bat da konpontzeko dituen gaiak konpontzen hastea: norbaiti zor dion dirua bueltatzea, gaiak ixtea,... Min hartzeko bitartekoak eskuratzea. Agurrak esatea, eta jendea agurtzea. Isolamendua eta jokabide autosuntsitzailea ere alarma seinale bat izan daiteke. Guzti hauek ez dute zertan bat egin, ez dira denak ematen, edo ez dira emango, baina ondo dago jakitea. Jokabide autosuntsitzailea, drogak, alkoholaren kontsumoaren areagotzea, desesperantza sentitzea, bizitzak ez duela merezi adieraztea... Alarma seinale horiei adi egon beharko ginateke, baina askotan ez dakigu seinale horiek irakurtzen, eta behin bere buruaz beste egitean ulertzen ditugu. Alarma piztean, zer moduz dagoen galdetu beharko genioke, eta konfiantza badugu pertsona horrekin eta esatea gogorra den arren, ea bere buruaz beste egitekotan dabilen galdetu beharko genioke. Epairik gabe eta bere sentimenduak aldatzeko inongo intentziorik gabe, bihotzetik bihotzera konektatuz.
Nora jo daiteke laguntza eske?
Familientzako Biziraun elkartea dago, Aidatu bera edo doluan laguntzeko Bidegin elkartea. Familia medikuarengana edo irakaslearengana jotzea ere bide bat litzateke edota itxaropenaren telefonora deitzea. Interneten prebentzio moduan agertzen da. Eta bere buruaz beste egin duen norbaiten gertukoei beti gustatzen zaie pertsona horretaz hitz egitea. Ez dugu saihestu behar pertsona horren izena esatea eta horri buruz galdetzea.