Omenaldia eta esker oneko hitzak, herriko odol emaileentzat

Ataria 2021eko abenduaren 12a

Gipuzkoako Odol emaileen elkarteak 25, 50, 60 eta 80 odol emate egin dituzten Amasa-Villabona, Aduna eta Zizurkilgo herritarrak omendu zituen atzo, Amasa-Villabonako udaletxean.

Guztira 7 odol emailek jaso zuten ateraldi jakin batzuk egiteagatik banatzen duten oroigarria: 25 aldiz odola eman duten hiru lagunek; 50 aldiz eman duten bik; 60 ateraldi egin dituen batek; eta 80 ateraldi egindako beste batek. Omendu guztiek, dagokien koloreko intsignia eta diplomaz gain, Ardoa ta punto edaritegiak eskainitako 3 botilako kaxa bat ardo ere jaso zituzten.

Udalaren esker oneko hitzak
Beatriz Unzue alkatea eta Arantxa Lopez Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia izan ziren omenaldian. Alkateak esker hitzak izan zituen herriko odol emaileentzat: "Ondo merezitako omenaldia da, dudarik gabe! Elkartasun ekintza ederra egiten duzue. Amasa-billabonatar guztion izenean eskerrik asko!". Boluntario moduan elkartearentzat lanean ari diren guztiak ere aipatu zituen alkateak: “Eskerrak eman nahi dizkizuet zuen borondate guztiarekin, eta ezerren truke, lanean ari zareten guztiei. Zorionak zuei ere!".

Amasa-Villabonan odola emateko aukera
Amasa-Villabonako Udalak gogoratu nahi izan du hilabete bikoitietako azken ostiraletan Gurea zineko erakusketa gelan eman daitekeela odola, 16:30etik 20:30era. Beharrezkoa da aurrez hitzordua eskatzea 943 00 78 88 telefono zenbakira deituta. Hilaren 30ean izango da hurrengo hitzordua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!