Tolosaldetik Saharara

Gozotik gehiago duen agurra

Irati Saizar Artola 2021eko abenduaren 11

Rabounin elkartu gara goizean talde guztia, ibilgailuak bertan utzi eta itzulerako bideari ekiteko.

Arjel hirian pasa dugu gaua, eta gaur gauean iritsiko gara Euskal Herrira, maletak esperientzia berriz beteta.

Gero arte batekin agurtu genituen errefuxiatuen kanpamentuetako familiak, atzo goizean. Ez dira errazak agurrak. Gazitik gehiago izaten dute gehienetan, gozotik baino. Bada, hartutako gozatuak, ordea, gainditu egin du errealitatearen gazia. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiako ia 50 pertsona izan gara Euskal herritik Aljeriara bidaia egin dugunak, eta gehienak, Oporrak Bakean programaren bidez haur sahararrak beraien etxeetan hartzen dituzten kideak.

Beraien haur sahararren familiekin egotera joan dira gehienak, eta gainerakoak ere familia horietan hartu gaituzte, eskuzabalik. Eta bai, eskuak zabalik izan dituzte bertan egon garen bi egunetan. Duten apurra emateko prest beti, eta umorerik galdu gabe gainera. Eta hori, kontuan izanik ez direla garairik onenak bizitzen ari, lurralde liberatuan gerra bete-betean daudelako. Jaso dugunagatik, irabazteko prest daude, gogoz, beraien lurretara noiz bueltatuko diren amesten.

Errepidean bospasei egun pasa eta gero, laburra izan da kanpamentuetako egonaldia, baina merezi izan du, dudarik gabe. Ikusitakoa, ikasitakoa, gogoan izango dugu, betirako. Maletak beteta dakartzagu bueltan, ez dakit zenbat izango duten arropa zikinetik, baina nahikoa lekurik ez duen esperientzia dator gurekin bueltan.

Eta oraindik ez da bidaia amaitu. Atzo Tindufetik Aljerrerako hegazkina hartu genuen, eta PCR probak egin eta gero, Aljeriako hiriburuan esnatu gara gaur goizean. Beste hegaldi bat dugu gaur aurretik, Aljerretik Bartzelonara egingo duguna. Eta autobusez egingo ditugu etxera iristeko faltako zaizkigun kilometroak. Baina hor ere ez da amaituko bidaia. Izango baitu jarraipena Saharako errefuxiatuei laguntza ematen dieten Euskal Herriko elkarteek egiten duten lanak, ezinbesteko lanak.

Jarrai dezala bidaiak!

Tolosako Udalak babestutako bidaia

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!