Zurrumurruen kontrako hitzorduak

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 9a, 16:21

'Aita Mari' dokumentala ikusi ahal izango da abenduaren 19an. Iturria: Atera Films

Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun Sailak, Anoetako, Adunako, Zizurkilgo eta Tolosako Udalekin elkarlanean, lau hitzordu antolatu ditu, pertsona migratzaileen inguruko zurrumurruen aurka kontzientzia pizteko.

Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta hilaren 18a, berriz, Pertsona Migratzaileena. Bi egun horien aitzakian, atzerritik iritsitako herritarren inguruan zabaltzen diren estereotipo eta zurrumurruak ekiditeko lau kultur ekitaldi antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun Sailak, Anoetako, Adunako, Zizurkilgo eta Tolosak udalen laguntzarekin.

Abenduaren 9tik 24ra, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakusketa izango da ikusgai Zizurkilgo udal liburutegian. Gerren eta bestelako gatazken ondorioz mundu osoan sortu diren exodoei buruzko hausnarketa planteatzen du erakusketak, horretarako adibide hainbat, zifra ugari eta arrazoi nahiz ondorio aipagarriak bilduz.

Tolosak aldaketa klimatikoak eragindako migrazioetan jarriko du azpimarra. Hilaren 17an Miguel Pajares biologo, antropologian doktore eta idazleak Migrazioak eta aldaketa klimatikoa hitzaldia eskainiko du, eta joateko 646 05 70 80 telefono zenbakian eman behar da izena.

Eskualdean Aita Mari dokumentala lehen aldiz ikusteko aukera ere izango da. Mediterraneoko uretako migratzaileak erreskatatzen dabilen itsas salbamenduko boluntarioen ontziaren bizipenak biltzen ditu ikus-entzunezkoak. Abenduaren 19an Anoetako Mikelasagasti Auditorioan proiektatuko da lana.

Amaitzeko, Adunako plazan, Liburu bat, Mundu bat haurrentzako ipuin kontaketa izango da abenduaren 30ean, Mestiza elkarteak antolatuta. Musika, artea eta mahai jolasak ere erabiltzen dira kontaketan zehar, haurren parte-hartze aktiboa sustatzeko.

Hitzorduak

  • Abenduaren 9tik 24ra
    Ongi Etorri Errefuxiatuak erakusketa, Zizurkilgo udal liburutegian, 
10:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 19:00
etara.
  • Abenduak 17
    Migrazioak eta aldaketa klimatikoa hitzaldia, Miguel Pajaresen eskutik, Tolosako kultur etxea, 18:00etan.
  • Abenduak 19
    Aita Mari dokumentala, Anoetako Mikelasagasti auditorioan, 
18:00etan.
  • Abenduak 30
    Liburu bat, Mundu bat ipuin kontaketa, Mestiza elkartearen eskutik, Adunako plazan, 11:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!