Josu Artolak irabazi du hard enduroko Espainiako Kopa

Oviedoko azken lasterketan laugarren postuan amaitu arren, amezketarrak senior mailako Espainiako Kopa irabazi du; Alberto Aranburuk bosgarren amaitu du.

Hard enduroko Espainiako Kopa irabazi du Josu Artola amezketarrak. Asteburuan Oviedon (Asturias) jokatu da txapelketako azken proba, eta laugarren postuan sailkatu bazen ere, Espainiako Kopa poltsikoratu du Artolak. Alberto Aranburu ere lehia horretan ibili da; Oviedoko lasterketan bigarren egin zuen tolosarrak eta txapelketa bosgarren postuan amaitu du.

Asturiasko probara, lasterketa bera baino txapelketa buruan zuela joan zela aitortu du Josu Artola amezketarrak: «Kopa nahiko ziurtatua nuen. Zortzigarren postua nahikoa nuen irabazteko, eta hori ziurtatzera joan nintzen». «Eguraldi oso txarra zegoen, lokatz asko, baina hemengo lokatzarekin alderatuta ezberdina da. Harri asko zegoen tartean», dio.

Arrisku handirik hartu gabe egin zuen lasterketa, nahiz eta, «aurreneko bueltan lehen postuan ere jarri nintzen, baina gero eroriko bat izan nuen, eta bik pasa egin ninduten». Hiru-laugarren postuetan jarri zen erori eta gero, eta «hor nahiko eroso nindoan, eta hor ondo mantendu nintekeela ikusi nuen. Azkenean laugarren postua eginda, oso gustura», argitu du Artolak. «Momentu batean lasterketako podiuma ere buruan izan nuen, baina txapelketa ziurtatzera joan nahi nuen, eta ez nuen arriskatzeko gogorik izan», esan du.

Denboraldi hasieran ez zuen honelakorik espero, eta ezusteko «handia» izan dela kontatu du. «Podium bat edo beste egin ahal izatea espero nuen, eta aurrean ibiltzea, baina egia esanda irabazteko aukera gutxi ikusten nituen. Ezinezkoa ez, baina aukera gutxi».

«HAU LATZA DA, HANDIA»

Lehen aldiz irabazi du senior mailako Hard Enduroko Espainiako Kopa: «Niretzako hau latza da, handia». «Egia esan txapelketa honetan pilotu onak izandakoak-eta badira, eta horien gainetik geratzea handia da niretzat». Hala eta guztiz ere, «nahiz eta honelako txapelketa batean parte hartu, eta zeure buruari presio pixka bat sartuagatik ere, niretzat hau afizio bat da», dio Artolak.

Behin txapelketa irabazi eta aurrera begirakoaz galdetuta argi du amezketarrak: «Mundu hau oso zaila da, eta ez dut uste inongo aterik zabalduko denik. Honen gainetik dagoena Munduko Txapelketa da».

Aurtengo denboraldia bukatutzat ematen du Artolak, eta hurrengo urtera begira ez duela ezer pentsatuta aitortu du. Hori bai, «lasaiago hartzea pentsatzen dut». Aurten, Munduko Txapelketako bi karreretan lehiatu da Artola, eta «hurrengo urtean ez dut Errumania aldera-eta joateko asmorik». Gainera, «nekatu egiten du honek, eta ordu asko kentzen ditu; bai motorra prestatzeak eta baita entrenatzeak ere. Eta gastu asko ditu. Erritmoa jaisteko asmoa dut hurrengo urterako». Ez dute ezer jasotzen, eta «dena gastua da», dio. «Lagun arte polita dugu eta ondo pasatzen dugu, eta horregatik ibiltzen gara azken batean». Afizioa izan arren, ordea, txapelketa batean sartzean, «helburuak jartzen dizkiozu zeure buruari, eta presioa sartzen diozu».

ELUSTONDO ETA MURUA

Hard enduron, baino maila bat beherago, trofeo mailan, hain justu, eskualdeko pilotuak ere aritu dira lehian, eta azkenean, senior mailan sailkapen orokorrean hirugarren postuan amaitu du Andoni Elustondo tolosarrak, eta junior mailan ere podiuma egin zuen Aritz Murua abaltzisketarrak, hirugarren postuan amaituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!