Tolosaldetik Saharara

Bi urtez jaso gabekoa, eskuartean

Irati Saizar Artola 2021eko abenduaren 8a

Euskal Herritik bueltan ekartzen zituzten poltsak jaso ahal izan dituzte, gaur, Smara wilayan bertan. Osasun etxerako materiala eta kirol arropa ere banatu dugu.

Oporrak Bakean programako enkarguak egin ditugu arratsaldean Smara wilayan. Bi urtez haurrak Euskal Herrira joan gabe geratu dira, eta hauek joan ez direnez, gu etorri gara. Uda amaitu eta kanpamentuetara bueltatzean, poltsa handi bat ekarri ohi du haur bakoitzak. Bi urtez poltsarik ez dute jaso ordea, beraz, gaur izan dute aukera ibilgailuetan ekarritako poltsak jasotzeko.

Protokoloan genituen prestatuta poltsa guztiak, eta banan bana etorri dira gaztetxoak haien bila. Ez dira guztiak pasa, baina datozen egunetan hartuko dituzte falta direnak. Arratsaldean zehar, Smarako osasun etxeko zuzendaria ere etorri da, COVID-19aren prebentziorako materiala jasotzera. Eta baita Smarako kirol zuzendaria ere. Kirola egiteko arropa eta materiala eraman du hark, bertako taldeentzat.

Eta bide batez, atarian zeuden haurrei Tolosaldeko Atariaren globoak banatu dizkiegu. Eta sekulako ilusioa egin die, segituan hasi dira jolasean.

Argazkiak: Irati Saizar Artola eta Leyre Carrasco.

Tolosako Udalak babestutako bidaia

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!