Oporrak Bakean ekimena gelditu zuen COVID-19ak eta eskualdeko familiek ezin izan dituzte saharar haurrak jaso. Orain ordea, Tinduferako bide luzea egin dugu eta ibilgailuak materialez lepo daramatzagu.
Atzo iritsi ginen kanpalekuetara eta segituan hasiko gara bildutako material guztia etxez etxe banatzen. 40 ibilgailu inguru ekarri ditugu eta bi urte hauetan bidali ez diren poltsez beteta daude. Gregorio Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea urduri dago eta kontentu, azkenean Saharako familiak ikusi eta besarkatu ahal izango dituztelako.
Pandemia osteko lehen bidaia egiten ari gara.
Bai, ferryan egiten den lehena da. Duela bi edo hiru aste, ordea, hegazkin bat joan zen eta berez, hura izan zen lehendabiziko bidaia. Gure zain daude, eta gu bitartean urduri gaude, lehenbailehen iritsi nahi dugu daramatzagun oparitxoak zabaltzeko.
Eta bidaia berezia izaten ari da.
Oporrak Bakean egitasmoa bi urtez egin gabe egon ostean, gu goaz haiengana. Denontzat da berezia. Gure zain daude harrera egiteko, eta gu ere desiratzen gaude hara iristeko. Bi urte daramatzagu gure familiak eta haurrak ikusi gabe. Ikusi egin nahi ditugu, besarkatu, eta egun batzuk beraiekin pasa. Oso garrantzitsua da.
Bestela ere beharra izango zuten, eta bi urte luze egingo zitzaien.
Bai, eta esan behar da bi urte pasatu ditugula janari bilketa egin gabe. Janari bilketa laguntza bat da beraientzat, ez handia, baina laguntza da. Bi urte hauetan beste modu batzuk bilatu behar izan ditugu nola edo hala gure familiei laguntzeko. Ikusi genuen bazegoela online erosketak egiteko aukera. Butigon izeneko webgune bat dago, eta hor edozein motatako erosketa egin dezakezu haientzat. Familiekin hitz egiten genuen lehenik, zer behar zuten jakiteko, eta webgune bidez erosten genizkien gauzak. Denetarik eros daiteke, eta adibidez, ‘asteko erosketa’ deritzon aukera bat dago, eta 50 eurogatik gure familiari janaria bidaltzeko aukera izaten genuen. Gutxienez, gure familiek eduki dute jatekoa. Besteek pentsatzen dut ezetz, eta hori da pena. Eta horregatik goaz. Beraz, bidaia honen ondorenerako badaukagu lan bat: janari bilketaren proiektua martxan jartzea.
Gure zain egongo direla esan duzu. Badute gu goazenaren berri?
Bai, noski. Joan baino lehen esan diegu. Ez dugu inoiz galtzen harremana, astero-astero hitz egiten dugu familiarekin. Horrelako bidaietarako galdetu egiten diegu ea zer behar duten, eta normalki, hori eramaten diegu. Poltsetan prestatuta ditugu gure familiei eman behar dizkiegunak.
Daramatzagun ibilgailuak oso kargatuta doaz. Familientzako gauzez gain zer daramagu?
Denetarik daramagu, baina garrantzitsuenak haurrentzako prestatu ditugun poltsak dira. Esan behar dugu bidaia honen oinarrian Oporrak Bakean programa dagoela. Bi urtez haurrak ez dira etorri eta hori dela eta beste proiektu bat garatu behar izan dugu. Euskal Herrira etortzen diren haurrek bueltan poltsak eramaten dituzte opariekin, eta zerbait egin nahi genuen haiek etorri ez direnez gu joan eta poltsa horiek eramateko. 40 ibilgailu inguru lortu ditugu bidaiarako eta bi urte hauetan bidali ez diren poltsekin bete ditugu. Tolosaldea Sahararekin elkartearen kasuan, eskolako material asko daukagu, kirola egiteko arropa, maskarak, eskularruak, gela... Gauza asko ditugu, baina guztia, beti, Oporrak Bakean programaren bueltan.
Eta nola egingo dugu banaketa?
Egia esanda, momentu honetan ez daukagu zehaztuta, baina taldeka egingo dugu. Pentsatzen dut lehenik Rabounin geratuko garela, administrazioa baitago bertan. Ibilgailuetako pakete guztiak hustuko ditugu, wilaya (probintzia) bakoitzerako direnak sailkatu, eta gure kasuan Smarara joango gara. Guk izango dugu ardura poltsa guztiak Smarara eramateko. Gainera, proiektu honekin beste proiektu bat jarri genuen martxan, Mezuak Hodeietan izenekoa eta eskoletako haurrek idatzitako eskutitz mordoa ekarri ditugu, hango eskoletan banatuko ditugu. Ea haiek ere bueltan hodeiak ematen dizkiguten.
Nahi baino denbora gutxiago izango dugu han egoteko.
Bai, hala tokatu da ordea. Bidaia hauetarako jendeak bere oporretatik hartzen ditu egunak, beraz ezin dugu asko luzatu. Egin behar duguna ondo antolatu behar dugu. Kontuan izan behar duguna da 19:00etatik aurrera kalean ez dela inor egoten. Goizean oso goiz mugitzen dira eta gu haien bizimodura egokituko gara.
Datorren urtean, bueltatuko al da Oporrak Bakean?
Pandemiarik ez badago bai. Proiektua nahiko aurreratuta daramagu. Proiektu horrekin 30 urte daramatzagu eta badakigu nola egiten den eta zer egin behar dugun. Hala ere, proiektu horretako piezarik garrantzitsuenak harrera familiak dira, eta jendea animatu nahi dugu parte hartzera eta harreran haurrak hartzera. Guk beti esaten dugu gustura egiten dugula, baina gure nahia dela ez antolatu behar izatea. Baina hauxe da daukaguna, momentu honetan sekulako laguntza da haientzat udan Euskal Herrira joatea. Ikusiko dugu pandemia nola doan, baina gu badaezpada prestatzen ari gara; animatu dadila jendea. Informazioa nahi duenak Oporrakbakean.eus webgunean aurki dezake.
Tolosako Udalak babestutako bidaia