Azkenean atzo gauean iritsi ginen kanpalekuetara, berandu, oso berandu, baina pozik, helburua lortu genuelako. Pare bat kontrol pasa behar izan genituen eta 03:30ak aldera iritsi ginen Auserdera, kanpaleku batera. Autobusa hartu eta beste leku batean jaitsi ginen. Han genituen zain hainbat familia, beraien etxeetan gaua pasatzeko. Leher eginda iritsi ginen, 06:00etatik errepidera aterata generamalako eguna. Baina, hala ere, familiek mokadua prestatuta zuten etxean, eta tripa beteta lokartu ginen gehienok.
Goizean, ibilgailuetan genituen pakete eta poltsak ordenatzen aritu gara. Eta gure sorpresarako, Omar Mansur barne ministroa eta Cheekh Lehbib Mohamed Auserdeko gobernadorearen bisita izan dugu. Ongi etorria egin digute eta esker oneko hitzak besterik ez dituzte izan guretzat.
Etorri garen taldeko kideak kanpamentu ezberdinetan pasatuko ditugu datozen egunak, eta bakoitzak bere materiala hartuta etxerako bidea hartu dugu. Gure kasuan, Smarara etorri gara. Gaur eta bihar artean lan asko dugu egiteko aurretik. Oporrak Bakean programako haurrei poltsak emango dizkiegu arratsaldean, Smarako protokoloan. Ea zer moduzko harrera egiten diguten. Eta biharko ere izango dugu lanik. Joango gara kontatzen.
Tolosako Udalak babestutako bidaia