Saralegik eta Regillagak Espainiako Judo Txapelketa irabazi dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 8a, 11:58

Kata modalitatean urrezko domina irabazi du bikoteak senior mailan; borroka modalitatean final laurdenen atarian geratu dira eskualdeko judokak

Unai Saralegi tolosarra eta Unai Regillaga amezketarra, senior mailan, Espainiako Judo txapeldun geratu dira, kata modalitatean. Urrezko domina eskuratu zuten igande arratsaldean Madrilen, Gallur udal kirol zentroan. «Hamar urte daramatzat txapelketen mundu honetan eta niretzat amets bat betetzea bezalakoa izan da. Aspaldi aritu nintzen txapelketetan eta lesio bategatik utzi behar izan nuen. Berriro bueltatu, hor goian egon, eta urrea lortzea, niretzako izugarria izan da», esan du Saralegik.

Kata modalitatean, judoko giltza jakin batzuk irudikatu behar izaten dituzte kirolariek. Epaileek puntuak ematen dituzte mugimenduen arabera eta horrela zehazten da sailkapena. Zortzi bikotek parte hartu zuten igandeko finalean. Printzipioz aurkaririk gogorrena zen Extremadurako bikotea, Munduko txapelketan hirugarren tokian geratu zena, azken orduko lesio bategatik txapelketatik erretiratu ondoren, aukera aprobetxatzea erabaki zuten Tolosako Judo Klubeko kideek. «Gure indar guztiak jarri genituen lehen postua lortzean, aukera ezin hobea baitzen guretzat».

Egindako lanarekin «gustura» geratu direla aipatu du Saralegik. «Txapelketa jokatu zen pabiloia handia zen oso eta gu ez gaude horrelakoetara ohitura, toki txikiagoetan aritzen gara normalean. Sentsazioak ezezagunak zitzaizkigun. Ondo aritu ginela uste genuen, baina ez genuen erabateko ziurtasunik. Gainera, lehen tokian ateratzea tokatu zitzaigun, Munduko Txapelketan bezala, eta hango esperientzia ona izan ez zenez, beldur ginen. Gure lana bukatuta epaimahaiaren puntuazioa ikusi eta gure lana gustukoa izan zutela frogatu genuenean, lasai geratu ginen. Nahikoa diferentzia atera genien gainerako bikoteei eta bukaerara arte goian mantentzea lortu genuen», aipatu du Saralegik.

2018an hasi ziren elkarrekin, borroka lagun, Saralegi eta Regillaga. «Gure artekoa hasieran gehiago zen irakasle-ikasle harremana, baina urteak pasa ahala, bidai asko egin ondoren, judoko bikote eta lagun bihurtu gara», aitortu du Saralegik. Udatik hona, ia etenik gabe jardun dute entrenatzen. «Munduko txapelketarako sailkapena lortu genuenean buru-belarri hasi ginen prestatzen. Txapelketa hori bukatu eta segidan etorri dira besteak eta ia ez dugu deskantsurik izan. Entrenamenduak gure lanarekin eta ikasketekin uztartu behar izan ditugu eta gogorra izan da. Nekatuta bukatu dugu baina merezi izan du, saria eskuratu dugulako».

Denboraldia bukatutzat eman du bikoteak eta atsedena hartuko du hurrengo hilabeteotan. Espainiako Kopako zirkuitua martxoa aldera hasiko da eta Europako Txapelketa maiatza inguruan. Jomuga hori begiz jota dutela aipatu du Saralegik: «Aurten bigarren geratu gara. Txapelketetan zilarrezkoak baditugu, ea orain urrezkoak etortzen hasten diren. Iruditzen zait pausoa eman dugula, eta besteekin batera goian lehiatzeko moduan gaudela».

Munduko Txapelketa 2022ko udazkenean ospatuko da eta hitzordu hori urruti ikusten dute Saralegik eta Regillagak, dena den sailkapena lortzen saiatuko direla diote. Aurten, 13. postuan amaitu dute Munduko Judo Txapelketa.

ESKUALDEKO JUDOKA GEHIAGO

Tolosako Judo Klubeko Zuriñe Tardio leaburuarrak eta Ruben Lekuona tolosarrak lehen aldia izan dute aurten Espainiako Judo Txapelketan. Borroka modalitatean, senior mailan parte hartu zuten astelehen goizean. Lehenengo txandan aurkari gogorrak egokitu zitzaizkien biei eta ezin izan zuten final laurdenetako langa gainditu.

«Suerte txarra izan dute, aurkaririk gogorrenak egokitu zaizkielako. Rubeni gero Espainiako txapeldun geratu denaren kontra aritzea tokatu zitzaion lehen borrokan, eta Zuriñeri, berriz, bigarren txandan Tokioko Joko Olinpikoetako judoka bat egokitu zitzaion. Ikasteko balio izango die esperientziak eta ziur nago motibazio gehiagorekin lanean jarraituko dutela hemendik aurrera», nabarmen du Saralegik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!