Tolosaldetik Saharara

Basamortuaren erdian, helburu batekin

Irati Saizar Artola 2021eko abenduaren 7a

800 kilometro egin eta Tindufera iristea da gaurko erronka. Oraindik zalantza dago lortuko ote dugun edo ez.

Basamortuan jarraitzen dugu, basamortuko errepidean. Kontuak galdu ere egin ditugu zenbat kilometro daramatzagun azken bi egunetan, eta gaur, beste 800 egiteko helburuarekin atera gara. Atzo eguna Becharren amaitu genuen. Gure aurreikuspenen arabera kanpoan egin behar genuen lo, aire zabalean, hemen genioen moduan, mila izarretako hotelean. Izan ere, zoragarria da Afrikako zerua. Baina, nonbait, Aljeriako agintariren batek agindua eman zuen kalean lorik egin ez genezan, eta ikastetxe bat prestatu ziguten guztiontzat. Beraz, koltxoi gainean egin dugu lo.

Nahi baino ordu gutxiago pasata esnatu gara, ordea. Guztion artean hala adostuta, 06:00etan jarri genuen irteera ordua, nahiago genuelako errepidean egun argiz joan, ilunduta baino. Eta 05:30erako prest genuen kafea, taldeko batzuek prestatua. Indarrak hartu eta ibilgailuak ilaran jarrita egin dugu aurrera. Helburua, bakarra: Tindufera iristea.

Gasolindegi batean egin dugu geldialdia, eta ibilgailuei erregaia bota bitartean mokadu bat egiteko aprobetxatu dugu. Eta berehala etorri da bigarren geldialdia. Wilaya batetik bestera pasatzeko –wilayak hango probintziak dira– polizia aldatzen dute. Kontatu bezala, bide guztian zehar gurekin dator polizia, eta aldaketa egin dute Tindufera sarreran. Mugan gurekin zihoazen poliziak buelta hartu dute, eta polizia talde berri batekin egin dugu aurrera. Eta gaur ikusi ditugu lehen gamelua, basamortuan. Kilometroak generamatzan gameluen ikurrak ikusten, eta iritsi da eguna. Lauzpabost ikusi ditugu.

Oraindik ziur ez dakigu gaur iritsiko garen Tindufera, ezta errefuxiatuen kanpamentuetara ere. Bagoazela soilik dakigu. Bihar kontatuko dizuet ea helburua bete dugun.

Bihar arte!

Tolosako Udalak babestutako bidaia

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!