Txalo zaparrada artean irabazi dute Altuna III.ak eta Martijak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 6a, 20:15

Jokin Altuna eta Julen Martijak 17an utzi dituzte Elezkano II.a eta Zabaleta, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako partidan. Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldian bigarren garaipena eskuratu dute jarraian, eta bina partida irabazita lau bikote daude. Etzi, Bergaran jokatuko dute Ezkurdia eta Tolosak, Irribarria eta Rezustaren aurka.

Lehen tantoetatik izan da giro paregabea Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta tanto bat baino gehiagotan izan dira txalo zaparradak. 2-7koa bitarte, faboritoak, hau da, bizkaitarra eta nafarra aurretik joan dira, baina gorriek partidari buelta eman, eta lehen atsedenaldira aurretik iritsi dira: 12-7. Hortik aurrera, 18-11raino aurreratu dira gorriak.

Altuna III.ak 11 tanto egin ditu erakustaldi bat baino gehiago emanaz. Alde handia hartu dute, eta partida ia bukatzear zela zirudien arren, partida gogortu diete aurkariek. 19 eta 17ra gerturatu zaizkie Danel Elezkano eta Jose Jabier Zabaleta. Azkenean, ordea, partida irabaztea lortu dute Altuna III.a eta Martijak,  urdinak 17az utziz.

Lizarran eman zioten hasiera hirugarren jardunaldiari, eta Jaka-Mariezkurrena II.ak lehen garaipena lortu zuten larunbatean. Amaiera estua izan zuen partidak, eta 22-21 amaituz lehen puntua poltsikoratu zuten Laso-Imazen aurka. Elizegi asteasuarrak promozio mailako txapelketako partida ere Lizarran jokatu zuen, eta beste behin, Bakaikoa lagun duela garaipena lortuta egin zuen etxerako bidea. Zubizarreta III eta Eskiroz 14 tantotan utzi zituzten.

Igandean jokatu zuten Peña II-Albisuk, Urrutikoetxea-Arangurenen aurka, eta 22-16 galdu zuten partida. Jardunaldia amaitzeko, bihar, Bergaran jokatuko dute partida Ezkurdia-Tolosak Irribarria-Rezustaren aurka.

Jardunaldia bukatzeko partida baten faltan, lau bikote daude bina partida irabazita. Elezkano II-Zabaleta; Laso-Imaz; Urrutikoetxea-Aranguren eta Altuna III.a-Martija. Atzetik, hiru bikote daude partida bat irabazita: Irribarria-Rezusta; Jaka-Mariezkurrena II.a eta Peña II.a-Albisu. Baina, kasu honetan, kontuan hartu behar da, etzi jokatuko dutela hirugarren partida Irribarria eta Rezustak. Eta azken partida jokatu gabe dute Joseba Ezkurdia eta Xabier Tolosak ere, eta azken bikote honek oraindik ez du punturik eskuratu.

MIREN LARRARTEK, KALE

Bankoa Abanca-DV Txapelketako partidak jokatu dira asteburuan, eta Miren Larrartek ezin izan zuen Amaia Aldai garaitu. 15-22 bukatu zuten lau eta erdian jokatutako partida, eta honenbestez finaletik kanpo geratu da bidaniarra.

PEBET, FINAL- ZORTZIRENETAN

IX. Antton Pebet Oroimenezkoa martxan da aurten ere, eta ostegunean eman zioten hasiera. Murua-Aizpuru bikoteak 22, Etxezarreta-Arangurenek 9 bukatu zen lehen partida. Bigarrenean, berriz, A.Etxebarria-Elizegik 22, Azketa-Altuzarrak 21.

Ostiralean jokatutako jardunaldian, Urbieta II eta Alduntzin bikoteak 17 tanto egin zituen, eta Igoa-Arbizu nafarrek 22. E. Labaka-Cuairan bikoteak 13 tanto egitea lortu zuten, eta Uribe-Iztuetarentzat izan zen garaipena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!