Ezagutzera eman dituzte VIII. Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketako saridunak

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 6a, 11:34

Helduen mailan Iñigo Legorburu Arregik irabazi du lehen saria eta gazteen mailan Maddi Etxeberria Barandiaranek. Tolosaldeko gelen arteko lehian, Tolosako Herrikide ikastetxeko 6.A gelak irabazi du lehen saria eta Bidania-Goiazko Txinkorta eskolako 5. eta 6. mailako ikasleek bigarren saria.

Hernandorena kultur elkarteak, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkargunearekin lankidetzan antolatu du VIII. Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa, "Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarra omendu eta bertsopaperen adierazpideari keinu bat egin asmoz".

Harituzeko sei kidek osatu dute epaimahaia eta jasotako lanen kalitatea azpimarratu dute. "Neurri, gai eta estilo oso ezberdinetako lanak jaso dira eta lan benetan zaila izan da maila bakoitzean bi bereiztea", esan dute. Lan guztiak arretaz irakurri, abestu eta aztertu ostean epaimahaikideek honako bertso sortak saritzea erabaki dute.

  • Helduen mailan
    • Lehen saria: Iñigo Legorburu Arregiren Hitz erdiez, bi hitz bertso sorta. "Sorta osoan erakusten duen oreka eta teknikagatik, darabilen umoreagatik eta bertso sortari darion sinesgarritasunagatik".
    • Bigarren saria: Aner Euzkitzeren Problema ez zara zu. "Gaia lantzerakoa garaian darabilen sentsibilitateagatik eta hura erakusketa erabili duen dotoreziagatik. Baita bertsoz-bertso mantentzen duen kalitate eta orekagatik ere".
  • Gazteen mailan
    • Lehen saria: Maddi Etxeberria Barandiaranen Ispilu-azpitan. "Bertso sortari eman dion egitura originalarengatik eta erabili dituen irudien edertasunagatik".
    • Bigarren saria. Ane Zubiaren Zer hartu eta zer eman? Harreman. "Bertsoak osatzeko darabilen teknika zuzenagatik eta gaia lantzeko erabili duen dotoreziagatik".
  • Gaztetxoen mailan
    • Epaimahaikoak kategoria honetan saririk ez ematea erabaki du, jasotako lanen kopurua eta kalitatea ez direlako behar bestekoak izan.
  • Tolosaldeko gelen artekoan
    • Lehen saria. Tolosako Herrikide ikastetxeko 6.A gela.
    • Bigarren saria. Bidania-Goiazko Txinkorta eskolako 5. eta 6. mailako ikasleak.

Sari banaketa modu telematikoan egingo dute. Bertso jartzaile saridunek bideoz grabatu dituzte euren bertso sortak eta Hernandorena kultur elkartearen webgunean eta Harituz bertsozale taldearen sare sozialetan argitaratu dira, Euskararen Egunaren ospakizunarekin bat eginez.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!