Tolosaldetik Saharara

Aljeriako lehen eguna, aduanan zain eta errepidean gero

Irati Saizar Artola 2021eko abenduaren 6a

Tolosaldetik Saharako errefu 1 1638780457366
Tolosaldetik Saharako errefu 2 1638780457802
Tolosaldetik Saharako errefu 3 1638780458157
Tolosaldetik Saharako errefu 4 1638780458522
Tolosaldetik Saharako errefu 5 1638780459037
Tolosaldetik Saharako errefu 6 1638780459542
Tolosaldetik Saharako errefu 7 1638780459920
Tolosaldetik Saharako errefu 8 1638780460206
Tolosaldetik Saharako errefu 9 1638780460463
Tolosaldetik Saharako errefu 10 1638780460834
Tolosaldetik Saharako errefu 12 1638780461336

Aljerian esnatu ginen atzo eta saharar errefuxiatuen kanpamentuetarako bidean jarraitzen dugu. Kilometro asko ditugu aurretik. Gaur ere errepidean pasako dugu eguna.

Ferryan gaua pasa eta Ghazaoueteko portura iritsi ginen atzo goizean, Aljeriara. 08:30ak edo izango ziren iristerako. Batzuk lo askorik egin gabe, ferrya gehitxo mugitzen zelako, baina nekearen eraginez gau osoan begirik zabaldu ez zuenik ere izan zen. Gosaltzeko astirik gabe jaitsi ginen ferriko beheko partera, ibilgailuak hartu eta kanpora atera genituen, portura.

Eta orduan hasi zen festa. Aduanatik ibilgailu guztiak pasa behar, eta aljeriarrek duten patxadarekin ez zen lan erraza izan. Lehenik antigeno probak egin zizkiguten guztiei, eta banan bana dokumentazioak aurkeztu eta ibilgailuak begiratzen hasi ziren. Bagenuen urduritasun puntu bat, ea janaria pasatzen utziko ziguten, ea ibilgailuetatik materiala jaitsi araziko ziguten, baina ez-ez, zentzu horretan nahiko txukun portatu ziren. Polizia bat edo beste tematu zen ibilgailuren bateko irratia nahi zuela esanez edota txikleak ere eskatu zituen beste batek. Gure kasuan, Usurbilgo Udalak emandako mikrobuseko apaingarri bat eskatu zuten, ispilutik zintzilik generaman jostailuzko txakurtxoa, eta poz-pozik geratu zen polizia, txakurtxoa eskuetan.

Hori bai, presarik gabe, denbora luzez egon ginen aduanan. Eta halako batean iritsi zen eskolta. Bai, eskolta eta guzti goaz Tindufera bidean. Polizia mordoa karabanaren aurretik eta atzetik, tartean ere bai batzuk, gure segurtasuna zainduz. Aduanatik ateratzerako errepide guztiak moztuta zituzten, gu pasa ahal izateko. Erregina-erregeen pare, ia-ia. Eta nola ez, jendea guri begira, batzuk txalo eta ohitu ere egin ziguten, ukabilak altxatuta.

Eta metro gutxitara lehen geldialdia: militarren kuartelean. Apropos ibilgailuetako deposituak gutxi beteta ekarri genituen Aljeriara, hemen merkeagoa delako gasolina zein gasolioa. Bada, txandaka, militarren kuartelean bete genituen deposituak. Inpresio pixka bat egiten zuen, ez pentsa: gizonak denak, bi metrotatik gertukoak gehienak eta uniformearekin. Baina dena kontatu behar, zeinen ondo zaindu gintuzten. Komunera joateko ere beraietako batek lagundu gintuen. Eta zer sorpresa, ilaran itxaroten ari ginen bitartean, gela eder batera sartu eta tea eskaini zigun kuartel guztian ikusi genuen emakume militar bakarrak. Ur botila batzuk ere eskaini zizkigun.

Eta handik atera aurretik, bazkaltzeko janaria ere militarrek eman ziguten. Gerrarako erabiltzen dituzten kaxa moduko bat eman ziguten bakoitzarentzat, zukua, ur botila eta ogi barra banarekin. Kaxa horretan, sardinak latan, patea, datillak eta oraindik jan ez ditugun beste hainbat jaki zeuden. Tripa pixka bat bete eta lehen kilometroak egitera abiatu ginen, 16:00ak aldera.

Eta ia ibilgailuetatik jaitsi ere egin gabe egin genituen 300 kilometro inguru, harik eta 00:30ean, hotelera iritsi ginen arte, Mecheria herrira. Pixa egiteko tarterik ere ez genuen hartu bitartean, ezta afaltzeko ere. Ibilgailuren bat edo beste matxuratuta geratzen zenetan, hankak bi segundotan luzatzeko tartea hartzen genuen, baina ez zen giro, a ze hotza kanpoan. Sei gradu inguru egongo ziren, baina zegoen haizeak zeropean geundela ematen zuen.

Eta horrela iritsi ginen hotelera, leher eginda. Ederki lo egin dugu ordea, eta bagoaz bidean aurrera. Gaurko eguna ere gogorra izango da, hala aurreikusi dugu behintzat, izan ere, ibilgailuetan egingo dugu egunaren zati handiena. Ea geldialdi handirik egin gabe errefuxiatuen kanpamentuetaraino daukagun bideari zati handi bat kentzen diogun.

Geroz eta gutxiago falta da! Gogoz gaude!

Tolosako Udalak babestutako bidaia

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!