Tolosaldetik Saharara

Talde guztia batuta, bihar ferrya hartzeko prest

Irati Saizar Artola 2021eko abenduaren 3a

Goizean, Jaenetik Almeriarako bidea egin dugu. Gaua bertan pasako dugu eta bihar arratsaldean abiatuko gara itsasoa zeharkatu eta Arjeliara.

Bigarren eguna lasaiagoa izan da. Mapari begiratu eta atzokoarekin alderatuz askoz ere kilometro gutxiago genituen aurretik. Hala ere, goiz jaiki gara, atzo lokartutako lekuan, Jaenen, eta 225 kilometroko bidea osatu dugu, Almeriako porturaino. Ibilgailuetan sartu aurretik bagenuen lan bat; minutu batzuk lehenago ibilgailu guztiak arrankatzea. Izan ere, -1 gradu markatzen zuen termometroak, eta gaitzerdi, ibilgailu guztiak lehendabizikoan arrankatu dira.

Bideak aurrera egin ahala, ibilgailuko berogailuak itzaltzen hasi gara. Txaketak kendu eta batek baino gehiagok leihoa ere zabaldu dute, izan ere, Almeriara iristerako 17 gradu markatzen zituen ibilgailuko termometroak, eta ez zen urruti ibiliko. Portura iritsi eta ibilgailuak bertako aparkalekuan utzi ditugu, biharko prest. Txandaka-txandaka PCR probak egitera joan gara zentro batera, eta bihar arratsaldera arte emaitzarik izango ez dugunez, zalantza horrekin oheratuko gara gaur.

Behin hori eginda, arratsaldea lasai hartu dugu. Hotelean gauzak utzi eta Almeriako kaleetan zehar galdu gara, garagardo eta tapa batzuk tarteko, bihartik aurrera datorrenari aurre egiteko indarrak hartu ditugu. Gu ondo deskantsatuta, baina gaur Euskal Herritik abiatu den beste taldea leher eginda iritsi da afalostean. Kontuak kontu,  17 orduko bidaia egin dute Almeriaraino, ez dute meritu makala. Hala ere, irribarrea ahoan agertu dira, pozez, ilusioz, datorrenera bidean burua.

Bihar, ibilgailuak ferryan sartu eta 21:00etan daukagu ontziratze ordua zehaztuta. 12 orduko bidaia egingo dugu itsasoa gurutzatzen, eta Aljeriako Ghazaouet hirira iritsiko gara igande goizean.

Biharkoaren berri, bihar!

Tolosako Udalak babestutako bidaia

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!