Tolosaldetik Saharara

Lehen etapa, Jaeneraino

Irati Saizar Artola 2021eko abenduaren 2a

Saharar errefuxiatuen kanpamentuetara bidaia goizean hasi da Tolosaldea Sahararekin elkartearentzat eta Zumaia, Zestoa eta Ondarruko kideek ere bat egin dute karabanarekin. Bihar, Almeriara iristea da asmoa, portuan ferryrako ibilgailuak utzi ahal izateko.

Adunako Udalak emandako ibilgailua, Asteasuko Udalak utzitako kamioneta eta Usurbilgo Udalak eskainitako mikrobusarekin ekin diogu bidaiari gaur goizean, Tolosako estaziotik. Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan dauden familia eta haurrentzako materialez lepo ibilgailuak, gurpilei begiratu bestetik ez zegoen.

Gasteizen egin dugu lehen geldialdia, karabanara batu diren beste kideak agurtu, bertan prestatuta zituzten ibilgailu gehiago hartu eta ia 20 ibilgailu irten gara, guztiak ilaran, Jaenera iristea helburu. Gasteizetik irten berritan izan dugu lehen ezustekoa. Kaminoeta bati, ez Asteasukoari, motorra izorratu zaio, eta bultzaka metro batzuk eraman ondoren, gasolindegi batean utzi behar izan dugu, barrua sahararrentzat motoz beteta zutela.

Handik aurrerakoa zuzenago joan da. Hala ere, autoak arrankatzeko pintzak behin baino gehiagotan ikusi ditugu atzera eta aurrera, ezin arrankatutako autoei laguntza emanez. Eskerrak mekaniko finak etorri diren, hasi besterik ez gara eta egin. Bazkaltzeko eta afaltzeko geldialdiak egin ditugu eta orain Jaenen pasatuko dugu gaua, hotel batean.

Almeriara abiatuko gara bihar goizean, PCR probak egin, ibilgailuak portuan utzi eta larunbatean ferryan itsasoa gurutzatzeko, bidaiaren bigarren txangoari ekiteko. Eta bihar elkartuko gara bidaiarien beste erdiarekin, bihar iritsiko direlako haiek zuzenean Almeriara.

Bihar gehiago, gau on!

Tolosako Udalak babestutako bidaia

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!