Euskararen Eguna 2021

Euskararen argi gorria piztu da

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 4a, 07:56

Euskararen argi gorria piztu da. IBAI LUQUE EIZAGIRRE

Tolosaldeko ia-ia haur guztiek dakite euskara gaur egun, baina haurrek euskarari ematen dioten erabilerak «kezka orokorra» sortu du; Uemak dio, «gero eta gehiago, eta gero gazteago egiten dute umeek gaztelaniaz». Hezkuntza komunitate osoan eragin beharra ikusi dute, ikasleekin eta irakasleekin batera, gurasoak dira ezinbesteko zutabea.

Aspaldian idatzi zuen Joxean Artze poeta, idazle eta musikari handiak «hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik». Horixe ari da gertatzen Tolosaldean haurrekin. Ia-ia eskualdeko haur guztiek dakite euskara, baina erabileran atzerakada sumatzen da eta argi gorri guztiak piztu dira. 

«Oso-oso argia da, bai udaletatik eta baita eskoletatik ere, kezka handia dago haurren euskararen erabilerarekin», esan du Maier Ugartemendia Uemako euskara teknikariak. «Bai hizkuntzaren erabilerarekin, eta baita kalitatearekin ere, oso-oso kezkatuta daude bereziki eskoletan», argitu du. Gainera, «gero eta gehiago egiten dute gaztelaniaz, eta gero eta gazteagotan hasten dira», zehaztu du.

Uemak ikastetxeetan eskaintzen duen tailerretako bat. UEMA

Kezka horretatik abiatuta, Uemako herrietan eskoletako patioetako hizkuntza erabilera aztertzen ari dira sentsazioek datuekin bat egiten ote duten aztertzeko. Datuak jasoak dituzte, eta eskualdeko hiru ikastetxek parte hartu dute neurketa horretan, orain azterketa kualitatiboa egiten ari dira.

«Kezka orokorra da», dio teknikariak. «Ezagutza aldetik ez dago arazorik. Ezagutza ia-ia unibertsala da Tolosaldean. Haur ia-ia guztiek dakite euskaraz, eta ulertzeko gai dira. Hortaz, gaitasun hori badagoela ikusita kezka sortzen du erabileran jaitsiera izateak», azaldu du Ugartemendiak. Aurrera begira jarri dira Uematik: «Haurrak dira euskararen etorkizuna. Eta hor jaitsiera egonez gero, adin tarte horretan hizkuntza ohitura asko ezartzen dira. Aurrera begira bilakaera horrek horrelakoa izaten jarraitzen baldin badu, euskararen erabileran jaitsiera izango da».

«Arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan gertatzen bada; hau da, euskararen biziraupenerako eta normalizaziorako hain garrantzitsuak diren guneez ari bagara», kezka areagotu egiten da. «Tolosaldea beti esaten dugu arnasgune bat dela, eta arnasguneak dira euskararen biziraupenerako beharrezkoak diren guneak. Gune hauetan hartzen du euskarak arnas; euskararen birikak dira, eta euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzen da bertan, euskara bizirik dago».

Tolosaldearen pareko guneak beharrezko dira hizkuntzaren biziraupenerako: «Gune hauetan jaitsiera horrekin jarraitzen baldin badugu, kezkagarria izan daiteke hizkuntzaren bilakaera».

Euskararen erabilera ez dela azken urtean okertu dio, «bilakaera orokorra lehenagotik datorren zerbait da». Tolosaldeko herrietan, «bai ezagutzan eta baita erabileran ere, azkeneko urteetan jaitsiera izan da herri askotan», gaineratu du Ugartemendiak. Bilakaera horretan, «haurren erabilerari lotutako kezka jada urte batzuetatik bazetorren, baina egia da pandemia garai hori ikastetxe askok aipatzen dutela koska moduan». Pandemia garaian, pantailen aurrean ordu asko egin izanak, eta zenbait kasutan etxean sartuta egoteak ere, erabileran jaitsiera eragin duelakoan daude.

Hezkuntzari begira, lanean

«Uemaren lan ildoetako bat hiztunen ahalduntzea da, eta horretarako beharrezkoa da herritarren sentsibilizazioan eta kontzientziatzean eragitea», kontatu du teknikariak.

«Hiztun bezala faktore desberdinek eragiten dute gugan, eta adibidez, Tolosaldean gehienak euskaldunak gara naturalki, baina agian kontzientziazioan hutsune bat bada», dio. Hain zuzen ere, kontzientziazioan eragiteko asmoz hasi ziren ikastetxeetan lanean, eta bertan eduki soziolinguistikoei lotuta hutsune bat bazegoela identifikatu zuten.

Hasiera batean, ahalduntzea helburu hartuta, arnasguneetan tailerrak batxilergoko ikasleei begira egiten hasi ziren. «Orduan gure lankide zen Xabier Aizpuruak master amaierako lana hezkuntzaren inguruan egin zuen, eta proposamen batzuk egin zituen eduki soziolinguistikoak DBHko unitateetan txertatzeko». Pixkana-pixkana ikastetxeetatik eskaerak jasotzen joan dira, eta «behar hori sumatzen genuelako hezkuntza proiektua garatzen joan gara». Hasieran, DBHko unitateekin hasi ziren. Gero etorri ziren beste zikloetako unitate didaktikoak, Batxilergoko tailerrak, HH eta LHko unitate didaktikoak, eta gerora bestelako tailer osagarriak ematen hasi ziren.

«Urte hauetan ikastetxeekin izan dugun harremanaren ondorioz ikusi dugu, honi guztiari txapel orokor bat eman behar zitzaiola», dio. Ikasle horiengan eragin nahi bada beharrezkoa ikusi dute, «ikasle horiek eta ikastetxeek osatzen duten hezkuntza komunitate osoari eragin beharra; hor daude irakasleak, ikasleak eta gurasoak». Horiek dira hiru zutabe nagusiak.

Hedatu izena du Uemaren hezkuntza proiektuak, eta hiru zutabe horietan eragiten ahalegintzen dira. Ikasleekin HH, LH, DBH unitate didaktikoen bidez lantzen dute: «Unitate didaktikoak gure webgunean zintzilikatuta daude, eta webgune horretatik hartzen dute materiala irakasleek, eta ikasleekin lantzen dituzte. Horretarako guk irakasleak formatzen ditugu». Batxilergoan Uemako teknikariek gidatzen dituzten tailerrekin eragiten dute. Horiez gain, tailer osagarriak ere eskaintzen dituzte.

«Gu joaten gara ikastetxeetara, eta ikasleekin tailer batzuk egiten ditugu», azaldu du Ugartemendiak. Hizkuntzaren bilakaeraren inguruan edo beraien hizkuntza ohiturei buruz hitz egiten dute. «Tartean daude Batxilergoko tailerrak, eta ordu eta erdiko bi saio ematen ditugu tailer horien bidez ikasleak ahalduntzeko». «Tolosaldeko ingurune soziolinguistikotik ateratzen direnen kasuan ahaldunduta egon daitezen», argitu du.

Irakasleei dagokionean ere lanketa berezia egiten dutela adierazi du irakasleak formatu daitezen: «Irakasleak ere sentsibilizatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Soziolinguistikako kontzeptuen berri izatea ere ezinbestekoa da, eta gehiago gurea bezalako eskualdeetan. Esan dudan bezala, arnasgune bat da gurea, eta herri horietara etortzen diren irakasleek kontziente izan behar dutela uste dugu».

Hori horrela, irakasleei bi formazio ematen dizkiete; bat soziolinguistikaren inguruan, orokorra, eta horren barruan sartzen da Hedatu proiektuaren inguruko formazioa; hau da, material hori lantzeko hainbat eduki. Eta bigarren formazioa, «azkeneko urteetan sortu den beharretik edo egin dizkiguten eskaera horietatik sortua izan da». Irakasleei ikasgelan sortzen zaizkien egoera desberdinetan, euskarari eusteko hizkuntz estrategiak erakusten dizkiete. Egunerokoan erabili ditzaketen estrategiak dira, hain zuzen ere, ikasgelan gaztelaniarako joera badago edo euskara hain gertu ez daukaten ikasle horiengan eragin ahal izateko.

2016an hasi ziren hezkuntza proiektuarekin, eta pixkana-pixkana joan dira harremana egiten. Ia eskualdeko ikastetxe guztiek parte hartzen dute, eta «oso-oso pozik gaude ikastetxeek emandako erantzunarekin», esan du. Uema ere behar berrietara egokitzen ari da.

Gurasoen zutabea, «ezinbestekoa»

Hirugarren zutabean gurasoak daude, eta Uemak «ezinbestekotzat» ditu seme-alaben hizkuntza erabileran eragiteko. «Ez dugu ahaztu behar, eta ikerketa desberdinek erakusten dute, gure ikasleek urte guztiko orduak kontuan hartuta ikastetxean pasatzen dituzten orduen kopurua %15 dela; 365 egunak kontuan hartuta, urtebeteko %15 besterik ez dute pasatzen eskolan».

«Hezkuntza ezinbestekoa da, eta egia da hezkuntzak asko lagundu duela ikasleak euskalduntzen. Jende asko euskaldundu da horri esker, baina horretaz aparte eragin beharra ezinbestekoa da». Txikienen kasuan, bereziki, gurasoen atala ezinbestekoa dute. Batetik, «beraiek jokatzen duten erreferente paperarengatik», eta bestetik, «ikasleei ikastetxetik kanpo euskarara gerturatzeko ematen dizkieten aukerengatik».

«Ez da nahikoa hizkuntza transmititzea», dio. «Hori garrantzitsua da eta ezinbestekoa da, baina, horrez gain, gurasoek ere asko egin dezakete ume horiek euskaraz bizi daitezen, eta askotan ikastetxearen gain jartzen da karga hori».

Eskolako %15az aparte, «ikasle horiek beharrezkoa dute euskaraz jolastea, beraien aisia euskaraz egitea, gaur egun hainbeste eragiten ari den kultur kontsumo horretan eragitea,... eta hori gurasoek bultzatu dezakete».

Eskolatik kanpoko aisialdiari ere bere garrantzia eman behar zaiola azpimarratu du Ugartemendiak: «Hor ere zein hizkuntza erabiltzen duten, erreferenteak eman, gaur egun euskarazko erreferente gero eta gutxiago dauzkagu, baina hor ere, gustuko duten horretan, gurasoek erreferente desberdin horiek eman beharko lizkieke euren seme-alabei. Eta hori ere euskaraz egin daitekeela ikustea ezinbestekoa da».

Gurasoek seme-alabekiko jokatu beharko luketen «paper garrantzitsuaren aurrean», gurasoentzat ere, saio ezberdinak dituzte. Batez ere, seme-alaben hizkuntza ohituretan eragiteko.

«Euskalduntzearekin ez da nahikoa»

«Lan asko dago egiteko, eta ikusi dugu euskalduntzearekin soilik ez dela nahikoa», adierazi du eskualdeko ikastetxeetan lan egiten duen teknikariak. «Ikasle horiengan eta gure ondorengo euskaldun horiengan eragin beharra dagoela ikusi dugu».

«Egoera aldatu da. Kultur kontsumoa ikaragarri aldatu da. Jasotzen duten input mediatikoa oso handia da, erreferente euskaldunen falta ere agerikoa da, eta hor zeregin handia daukagu; bai hezkuntza komunitateak orokorrean, eta baita gizarteak ere», zehaztu du. Alde batetik, haur horiei ematen zaien eredua legoke, eta bestetik, zein baliabide eskaintzen zaizkien.

Guztiaz gain, ikastetxeetako ikasleen aniztasuna gero eta handiagoa dela ekarri nahi izan du gogora, eta beste hizkuntzen presentzia ere gero eta handiagoa dela hezkuntza komunitate osoan: «Hor ere beste faktore bat dago bilakaeran eragin duena». «Lehen euskara eta gaztelania geneuzkan, eta gaur egun euskara, gaztelania, eta agian beste hamabost hizkuntza dauzkagu ikastetxe bakoitzean. Hizkuntza aniztasun hori ere nola kudeatu ikastetxean ikasten eta lantzen ari gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!