Espainiako Kopa irabaztetik gertu dago Josu Artola

Imanol Garcia Landa 2021ko abe. 1a, 07:57
Josu Artola, Elgoibarko proban.

Pilotu amezketarrak Elgoibarren jokatutako hard enduroko senior mailako proba irabazi du. Alberto Aranburu tolosarra hirugarren izan zen proba berean.

Hard enduroko Espainiako Kopako laugarren proba jokatu zen Elgoibarren azaroaren 20 eta 21ean, eta Josu Artola amezketarrak lehen postua eta Alberto Aranburu tolosarrak hirugarrena lortu zuten senior mailan. Sailkapen orokorrari begira oso ondo jarri zaizkio kontuak Artolari, Espainiako Kopa irabazteko aukera asko baititu. Azken proba asteburu honetan izango dute Asturiasen, eta bertan zortzigarren egitea nahikoa du Artolak sari nagusia irabazteko.

Elgoibarko probaren zain egon dela aitortu du Artolak: «Denboraldiaren hasieratik sailkapenean aurrena egon naiz, baina Elgoibarko probaren zain nengoen, gu ondoen moldatzen garen eremua delako. Gainera euria egin zuen, lokatza zegoen, eta aste guztian probaren zain nengoen, sailkapeneko lehen postu hori finkatzeko asmoz». Amezketarrak espero zuen aurrealdean egotea, eta azkenean lehen postua eskuratu ahal izan zuen.

Lehen postuan jartzea, ordea, ez zen probaren hasieratik gertatu Artolarentzat. «Probaren egunean zirkuitua pixka bat lehortuta zegoen, eta hasieran sailkapen orokorrean bigarren postuan dagoen Moret kataluniarra aurretik jarri zen, eta bere atzetik Alberto [Aranburu] joan zen. Irteera txarra egin nuenez, kostatu zitzaidan aurreneko biak harrapatzea, baina haiengana iritsi nintzenean, euria hasi zuen». Hori abantaila izan zen Artolarentzat, bazekielako kataluniarrak erritmoa jaitsiko zuela. Aranburuk eta Artolak aurrera egin zuten, eta ondoren Gas Gas talde bereko Peru Irazola batu zitzaien. Azken itzulian Artolak aukera izan zuen alde egiteko eta tartea ateratzeko beste biei. Irazola izan zen bigarren, eta Aranburu hirugarren. Euriak asko gogortu zuen proba eta oso zaila jarri zen moto gidarientzako.

Bere aldetik, Aranburu «oso gustura» geratu zen egindakoarekin. Larunbatean denbora onena egin zuen eta gero igandeko irteerarako lehen postuan jarri zen. «Probaren egunean ondo atera nintzen eta lehen bi itzulietan lehen eta bigarren posturako ibili nintzen. Pena da bigarren itzulian arazo mekaniko bat izan nuela, baina behintzat bukatu ahal izan nuen». Tolosarra bosgarren doa sailkapen orokorrean eta gertu ditu hirugarren eta laugarren postuak. Arnedoko proba ez zuen bukatu ahal izan, motorreko pieza bat puskatu zitzaiolako, bestela aurrerago egongo zen sailkapenean. Asteburuan izango den azken proban, ahal duen posturik onena lortzeko asmotan joango da, baina «lasai» ere ariko da: «Ondo ateratzen bada, ondo, eta gaizki ateratzen bada, ba horrela izango da. Azkenean hurrengo egunean lanera joan behar dugu. Ez gara honetaz bizi, eta disfrutatzera goaz».

Elgoibarko probaren ondoren, Artolak hamahiru puntura du bigarren sailkatua. Asturiasen ere eremua aldeko izatea espero dute eskualdeko pilotuek, euria egitea eta lokatza izatea espero baita. Artola postu ona bat egitera joango da, helburua txapelketa irabaztea baita. «Aurretik Espainiako txapeldun geratu izan naiz cross country modalitatean, eta enduron bigarren egin nuen, baina hard enduron lehiatzen ari garen mailan, bi gidari profesionalak kenduta, onenak gaude, eta hor txapeldun izatea niretzat ikaragarria izango litzateke», esan du amezketarrak. «Jende asko dago baliabideak dituenak eta asko entrenatzen duena, baina gu ez gara horretarako bizi eta guretzako afizioa da».

Hard enduron, baino maila bat beherago, trofeo mailan hain justu, eskualdeko pilotuak ere izan ziren Elgoibarko proban lehiatzen. Senior mailan bigarren izan zen Andoni Elustondo tolosarra eta junior mailan laugarren amaitu zuen Aritz Murua abaltzisketarrak.

Alberto Aranburu, Elgoibarko proban.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!