Arlo ezberdinetako auzolanak bildu nahi dituzte, galdetegi bidez

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 1a, 19:59

Tolomendik galdetegi bat zabaldu du eskualdeko hogeita zortzi herrietako elkarte, eragile eta mugimendu ezberdinei zuzenduta; Tolomendiren webgunean bertan bete daiteke galdetegi laburra, eta betetzen dutenen artean bertako produktuen saski eder bat zozkatuko dute, urteko azken egunean.

Uztailean martxan jarri zuten Auzolangin(l)tza proiektuaren barruan, auzolanarekin lotura duten Tolosaldeko esperientziak jasotzen hasiko da Tolomendi Landa Garapen elkartea. Molde, arlo, tamaina eta estilo guztietako esperientziak bildu nahi dituzte, eta horretarako eskualdeko hogeita zortzi herrietara zabaldu dute prestatu duten galdetegia.

Galdetegia «laburra eta oso-oso sinplea» dela esan du Imanol Olano Tolomendiko ordezkariak, eta bost minutu nahikoa direla erantzuteko. Modu horretan, Tolosaldean auzolanaren inguruan dagoen errealitatea azaleratu nahi dute, eta bildutako ezagutza eta eskarmentutik abiatuta, etorkizuneko egitasmoak landu nahi dituzte.

XXI. mendeko gizartearen beharrei erantzungo dieten auzolaneko zein praktika jarri daitezkeen martxan ikusi nahi dute, eta gero eskualdean praktikara eraman nahi dituzte. Berastegin eta Orexan saio bana egina dute, eta auzolanaren gaineko talde eragile bat ere sortu dute; «guk ez genuen nahi soilik Tolomendi, Eusko Ikaskuntza eta Huheziren proiektua izatea, baizik eta, eskualdekoa», kontatu du Olanok.

Talde zabalago bat osatu dute eskualdeko hainbat eragilerekin eta era guztietako elkarteekin batera, erabakiak hartu, proposatu eta adosteko. «Talde motorra hori izango da», zehaztu du Olanok, eta dinamizazio lana Tolomendi ari da egiten.

Tolosaldean auzolanarekin lotura duten esperientzia guztiak jasotzea nahi dute: «Era eta tamaina guztietakoak bildu nahi ditugu». Eta gaineratu du, «ea lortzen dugun».

Eskualdeko 28 udalei laguntza eskatu diete, beraien herrietako elkarte eta mugimenduetan zabaldu dezaten. Tolomendiren web orrian (Tolomendi.eus) ere badago eskuragarri. Laburra da, eta auzolanean aritzen direnek eta egitasmoari ekarpena egin nahi diotenek abenduaren 31 baino lehen bete beharko dute.

Normalean, auzolan tradizionaletan, udalek hamaiketakoa jarri ohi dute; «kasu honetan, bertako produktuekin egindako saski eder bat jarri dugu, galdetegia erantzuteko lana hartzen dutenek saski eder bat irabazteko aukera izan dezaten». Urteko azken egunean zozkatuko dute.

Herritarrei eta elkarteei, orain artean irudikatu den auzolanaz gain, bestelakorik ere badela ikusarazi nahi diete: «Tradizionalki auzolana denok baserri bideak konpontzearekin edo ondare bat berreskuratzearekin lotzen dugu. Galdeketa honetan era guztietakoak jaso nahiko genituzke, norberak edo elkarteek auzolana dela pentsatzen duen edozein praktika, ariketa edo esperientzia».

«Askotan esaten dugu herriko festak auzolanean antolatzen direla, edo beste hainbat ekimen ere egiten dira auzolanean eta borondatez. Kultur asteak direla, zaintza arlokoak ere egiten dira askotan herri txikietan,... hainbat arlotan ari dira egiten eta horietara iritsi nahiko genuke», dio.

Ahalik eta jende gehienarengana iristea dute helburu, eta ahalik eta auzolaneko esperientzia gehien jaso nahi dituzte; azken batean, alor diferenteetara iritsi nahi dute. Herrietan dauden elkarte ezberdinak, erretirodun edota emakumeen mugimenduak... «esku artean darabiltzaten esperientzia horiek jaso nahi ditugu».

EKIMEN XUMEENAK ERE BAI

Zumardiak egiten duen Olentzaroren basoa jarri du adibide moduan: «Boluntarioek egiten dute, eta hori auzolana da zalantzarik gabe. Gune guzti horietara iritsi nahi dugu, eta ez bakarrik jada instituzionalizatuta daudenetara». Ekimenik «xumeena» ere bildu nahi dute, eta horrekin saretzea dute helburu.

«Gaur egun ez dakizkigun hainbat eta hainbat auzolaneko ekimen egiten dira eskualdean, eta bilketa lan hori oso aberasgarria eta interesgarria izan daitekeela uste dugu eskualde moduan, guztiontzako. Horrelako hainbat ekimen egiten direlako, eta ez daukagulako horien berririk», gaineratu du Tolomendiko ordezkariak.

Bilketa egin ostean, 2022arekin batera, etorkizuneko egitasmoak landu nahi dituzte. «Proiektuaren izenak berak esaten duen moduan, auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza da, eta noski, XXI. mendera ekarrita, eta XXI. mendeko gaur egungo gizartera egokituta izan behar du».

«Hortxe dago gakoa», azpimarratu du Olanok. «Bilketa horrek erakutsiko digu gaur egun zein auzolan dauden, eta benetan zein beharrei erantzuten dieten. Agian ez direlako izango behar hain materialak, eta beharbada immaterialagoak izango dira, hau da, zerbaiten parte sentitzea, herri baten kide izatea, sentimendu kontua,...».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!