Eskualdeko osasun arretaren etorkizunari buruz herritarrak informatzen jarraitzeko nahiarekin, prentsaurrekoa egin du TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) plataformak. Ospitalearen kokapenak, "kezka" sortu du plataformako kideen artean: "Tamaina txikikoa izango denez, ez ditu ospitale berriaren hornidura baldintzatuko", aldarrikatu dute. Euren iritziz, "ezinbestean bete beharreko baldintza" da hori.
Hori dela eta, urrian Tolosako udaletxean egin zen osoko bilkurara eraman zuten gaia. "Erantzun zigutenaren arabera, Iurreamendiko aparkalekuan eraikiko den ospitaleak, eraikinaren azalerari eta altuerari erreparatuz gero, ospitalearen hornidura-beharrei erantzungo die. Hala izango al da?", galdetzen dute TOPAtik.
TOPAko kideek esan dutenez, azken 35 urteetan, "ez da inbertsiorik egin" eskualdean ospitale bat eraikitzeko, "Gipuzkoako beste eskualde batzuetan ez bezala". Horren ordez, "bi esperimentu" edo "benetako bi desastre asistentzial" jasan dituztela adierazi dute. "Tolosaldeak ez du beste esperimentu bat behar, ezta beste eredu asistentzial berri bat edo gainerakoen hornidurarik ez duen zentro bat ere. Funtsezkoa da ondo hornitzea", gaineratu dute.
Tolosaldeak behar duen ospitale motari buruz hitz egiterakoan, Debagoienako ospitalearen eredua erabili dute adibide modura. "Antzeko hornidurak dituen ospitalea dagokigu, gure eskualdeak antzeko biztanle kopurua duelako". Gaur egun, 65.000 biztanle bizi dira Debagoienan. Tolosaldean, berriz, 50.000 bizi dira; hala ere, 65.000 biztanleri eskaintzen zaie osasun zerbitzua Tolosaldean, Andoain eta Legorretako herritarrak ere kontuan hartzen direlako. "Tolosaldeari dagokion ospitaleak biztanle guztiek dituzten beharrak asetzeko adinako hornidura-sarea behar du, baina XXI. mendeko lehen laurdenari dagozkion hobekuntza eta eguneraketekin. Eguneko ospitale mediko-kirurgikoa, bereizmen handiko zentroa, eta jakina, espezialitate guztiak izango dituen ospitale publiko bat exijitzen dugu".
Ondorioz, euren iritziz, hiru hamarkadetan gainerako eskualdeetan "behar bezala" funtzionatzen ari dena dagokie Tolosaldeko herritarrei. "Beste gauza batzuen artean, Tolosaldearekin egin den zorra 250 milioi eurotik gorakoa da. Dagokigun hori exijitzen dugu, zerbitzu publiko horiek jasotzeko gainerako herritar guztiek bezala ordaintzen dugulako".
Amaitzeko, agintarien aldetik "informazio eta gardentasun falta handia" sumatu dutela adierazi dute: "Ospitale berria eraikitzeko behin betiko Plan Funtzionala argitaratu aurretik, herritarrei parte hartzeko aukera ematea, eta eskualdeko erabiltzaile nahiz sektoreko profesionalen iritzia kontuan izatea, behin eta berriro proiektu berri honen aurkako gure desadostasuna adierazten eta protestak egiten ibili beharra ez izateko. Informatzen jarraituko dugu, zeregin hori dutenek ez dute egiten eta".