Euskararen Eguna 2021

Merkatarien %88 gai da euskaraz egiteko

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 4a, 07:57

Amasa-Villabonako merkatariek kartel nagusietarako euskararen hautua egin dute. I. U.

Euskarak merkataritzan behar duen tokia izan dezan lanean ari da Galtzaundi Euskara Taldea; Amasa-Villabonan, Ibarran eta Tolosan ari da eragiten, eta inurri lanak «fruituak» eman dituela adierazi dute.

Herri baten parte da tokiko merkataritza. Herriak biziak izateko merkataritzak garrantzia du, eta merkatarien hizkuntza hautuak ere gizartean eragina du. «Saltokiek herriko bizi giroan eragin handia dute. Halaber, herriko irudi eta erakusleiho dira. Gure herrietan bertako nahiz beste tokietako jendea aurkitu dezakegu, eta, horregatik, garrantzitsua da euskara gure herriaren marka ere badela adieraztea», argitu du Galtzaundi Euskara Taldeak.

Euskararen normalizazioaren noranzkoan urratsak emateko, azken urteetan, «inertziak alboratu eta hizkuntzaren hautua modu kontzientean egitea helburu, aurrez aurreko bisitak egin ditugu», argitu dute euskara taldetik. Galtzaundiko teknikariak Amasa-Villabonako, Tolosako eta Ibarrako saltokietan izan dira, eta bisita horietan teknikariek, arlo teknikoari lotutako eskaintza egitearekin batera, beste hainbat baliabideren eskaintza ere egin diete.

Urtez urte saltzaileei beraiei euskararen ezagutzari buruz ere galdetu diete, eta «batez beste, hiru herrietako saltokien %88an, bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait», nabarmendu dute.

Tolosaldeko esperientziari lotuta aurrerapauso «handiak» eman direla azpimarratu dute Galtzaunditik: «Merkataritza arloari begira egindako lanketek eman dute fruiturik». Urte luzeetan, «dendaz denda, eta tokiko eragile diren merkatari elkarteak, udalak eta Uemarekin elkarlanean, euskararen komunikaziorako gaitasunak balioan jarriz eta bitartekoak eskainiz egin da inurri lana», argitu dute.

Merkealdi kanpainak

Neguko eta udako merkealdi kanpainetan Tolosan lanketa berezia egin dute azken hiru urteetan. «Uemak sortutako euskarri fisikoak merkealdian parte hartzen duten saltokietan eskaini eta banatu dira», esan dute. Azken hiru urteetan, hiru kartel eredu banatu dizkiete: ehunekoak (%20, %30…), «Merkealdia» kartel orokorra eta ohiko esamoldeak («Denboraldi berria», «Azken egunak»…).

Azken urtean, Amasa-Villabonako saltokiek ere kanpainarekin bat egin dute. Eta hori horrela, udako merkealdi kanpainako Amasa-Villabonako kartel nagusietan euskarak %100eko presentzia izan duela aurreratu dute.

Zertarako euskara?

«Herriko saltokietan zertarako euskara?» galdera luzatu dute Galtzaunditik, eta erantzuna argi dute: «Herritarrekiko gertutasuna eta konfiantza landuz fideltasuna indartzeko; herriarekiko integrazioa eta identifikazioa lortzeko; eta euskaraz bizi nahi duten herritarrei aukera errazteko».

Egunerokoan, ahozko nahiz idatzizko komunikazioaren bitartez, besteak beste, «pertsuasioa eta fidelizazioa», landu behar dituzten gunetzat ditu Galtzaundik. Hizkuntzak, «erosketa esperientzia on bat sortzeko, komunikaziorako funtzio zehatzak betetzen ditu tokiko merkataritzan», zehaztu dute.

«Komunikazio horien hartzaileak, hizkuntza batean edo bestean egitera bultzatzen dituzte. Erraz egiten da euskaraz erakusleihoan mezuak euskaraz ikusiz gero, saltzailea eta aurreko eroslea euskaraz ari direla entzunez gero». Aldiz, «gehiago kostako zaigu euskaraz egitea, batean zein bestean gaztelera baino ikusten edo entzuten ez badugu».

Sare sozialak eta euskara

2021eko egitasmoaren barruan, bigarren erakusleiho diren sare sozialetan euskara erabiltzeak duen garrantziaz ohartarazi diete merkatariei. Banatu dieten esku orrian, «sare sozialetan euskara erabiltzeak ekartzen dituen onurak bildu dira», dio euskara taldeak. Eta Amasa-Villabonako, Tolosako eta Ibarrako herrietako saltokien sare sozialetan webgunea, Instagram eta Facebook euskarak duen erabilera ere neurtu dute.

Bukatzeko, «urtez urteko lanketen ondorioz euskarak saltokietan geroz eta ikusgarritasun handiagoa duela esan dezakegu», azpimarratu dute Galtzaunditik. Lanketa guzti horiekin, «tokiko saltokiek beraien balio soziala indartu egiten dute, herriko garapenerako ezinbesteko bilakatzen direlarik, eta euskararen normalizaziorako bidelagun izan». Bide horretan, herritarrei ere erronka luzatu diete, erosketak bertan eta euskaraz egitera bultzatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!