Galtzaundi Euskara Taldetik sustatutako proiektu batekin buru-belarri dabil Haritz Azurmendi (Albiztur, 1991). Euskararen historia soziala ari da ikertzen, eta bihar (18:30) aurkeztuko du lehen zatia, Tolosako udaletxean. «Lastoa eta garia banandu beharra» izan duela aitortu du, «euskararekin lotura duen guztia» sartzen baita ikerketan.
Zer dela eta ari zara burutzen ikerketa? Non du jatorria?
Galtzaundi Euskara Taldetik sortu zen ideia. Langabezian nengoela, gustatzen zitzaizkidan gaiak ikertzeko tartea hartzea pentsatu nuen. Proiektuaren zirriborro moduko bat idatzi eta Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztea erabaki genuen, diruz lagundu zezan. Lagundu zuen, eta orain beraz, horretan nabil lanean.
1936az geroztik, eskualdean euskarak izan duen ibilbidea jasotzen du, ezta?
Bai. 36ko gerraren aurretik, euskaltzaleen mugimendu indartsu bat zegoen Tolosaldean, baina gerrak hura eten zuen. Hortaz, saiakera bat egin dut, horren ondoren euskarari zein leku geratu zitzaion, zein posizio menperatu utzi zioten, zein estrategien bitartez iraun duen eta nola berreskuratu den azaltzeko.
Gerraz geroztik, zenbat aldatu da euskara Tolosaldean?
Duela bi urte, Galtzaundik zabaldu zuen albisteak zioenez, 100 urtean lehen aldiz, Tolosan euskara gehiago entzun zen gaztelania baino. Garai batean, Tolosako kaleetan ia ez zen euskararik entzuten, ez bazen inguruko baserritarrak jaisten zirenean. Beraz, Tolosan behintzat, espazioa irabazi du etxetik kanpo.
Bestetik, gaiei dagokienez, euskara modernizatu egin dela iruditzen zait. Guri hain natural egiten zaigun batua oso egonkor dago orain, duela 50 urte ez bezala. Halaber, prestigio sozial aldetik, kanpotik datozenen begietan ere beste kolore bat hartu du; askoren lan handiari esker, neurri batean, merezi duen hizkuntza bihurtzera heldu da.
Espainiako gerraz geroztik gertatutakoak kontatzen ditu ikerketak, ezagunak nahiz ezkutukoak.
Bai. Garai hura bizi izan zutenak edo garai hura familian kontatuta jaso izan dutenak elkarrizketatzea izan da nire lana; denera, 20 elkarrizketa egin ditut. Oreka bilatzen saiatu naiz, horrelakoetan oso erraza izaten baita gizonez osatutako zerrenda bat topatzea. Jende arruntagoa elkarrizketatzen ere saiatu naiz. Esaterako, nire amonaren ahizpa, Urkizuko Karmen, eta Bernardo Atxaga bera elkarrizketatu ditut. Bakoitzak bere arrazoiak zituen. Karmenek oso ikuspegi polita eman zidan; Bernardo Atxagak, berriz, master class bat.
Historia bat aukeratzekotan, Albizturren kokatutako bat aukeratuko nuke, besteak beste, gerra aurretik bertan bizi izan zelako ezagun egin zen olerkari bat, Emiliano Mujika Laskibar. Gerra heldu zenean bere produkzio guztia eten zuen; ez zuen olerkirik argitaratzerik izan, bai beldurragatik, baita autozentsuragatik ere. 1949an hil ondoren, ia inor ez zen berarekin gogoratzen. Bada, bere biloba Xabier Bengoetxea elkarrizketatu dut. Albizturko etxea saldu zutenean, altzairu batetik argitaratu gabeko poemak atera zituztela kontatu zidan. Gisa horretako gertakariak edota historia zatiak berreskuratzen ari naiz, eta tartean badira bitxikeriak eta sorpresa politak. Anekdota bat izan daiteke, baina kontatzen asmatuz gero, anekdota hori zerbaiten sinbolo izaten da.
Bihar, ikerketaren lehen zatia aurkeztuko duzu. Zer dela eta egingo duzu zatika?
Gaia bera hain zabala izanik, denboran zatitzea erabaki genuen. Lehena, 36ko gerratik gaur egunera artekoa da. Bigarrena, 1833tik 1936ra bitartekoa, gerrateen eta modernizazio prozesuaren garaia. Eta hirugarrena, 1833tik atzerakoa. Bi fase horiek hurrengo urteetan landu eta aurkeztuko ditut.
Ikerketa historikoak atzetik aurrera egiten diren arren, historian hurbilen dugunetik hasi nintzen, batez ere, horri buruz hitz egin dezaketen protagonista asko oraindik bizirik daudelako. Liburuez gain, garrantzia handia eman diegu elkarrizketei, testigantzak jasotzeari eta gerora etorri daitezkeen beste ikerketentzako materiala sortzeari.
Gerora, zertarako balio dezake ikerketak?
Horrelako ikerketek, istorio esanguratsuak edo lezio interesgarriak bildu ditzakete, bai hizkuntzari begira, baita gizarteari orokortasunetik begira ere. Bilduko dugun material guztia zabaltzeko, interpretatzeko eta eskuragarri jartzeko formulak bilatu nahi ditugu. Argitalpen forma eman nahi diogu, baina hortik kanpora ere, eskoletara eraman nahi dugu, hezkuntzarako irakaspenak bildu ditzakegulako.