Erronka garrantzitsua du Tolosaldea Sahararekin elkarteak aurretik. Pandemiak sortutako egoera dela eta, azken bi urteetan ezin izan dute saharar iheslarien Tinduf kanpalekuetara bidaiatu, eta Oporrak Bakean ekimena bertan behera utzi behar izan dute ere. Lehorraldia bukatu da ordea. Denbora honetan guztian bildutako materiala eraman ahal izango dute Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara eta Tolosaldeko Ataria bertan izango da.
Irati Saizar Artola kazetariak Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideekin bidaiatuko du kanpalekuetara eta bertatik bertara kontatu ahal izango du bidaiak ematen duen guztia. Tolosako Udalak babestu du bidaia eta Ataria-ko euskarrietan jarraitu ahal izango da; Ataria Irratian, egunkarian eta Ataria.eus webgunean.
Pasa den ostiralean material guztia bildu zuten Maiatzak 20 elkarteko furgonetan eta Usurbilgo mikrobusean, eta prest dituzte ere bertara eramango dituzten ibilgailuak, tartean Adunako Udalak emandakoa.
Eli Eizagirre elkarteko kideak adierazi du pandemiaren ondorioz, azken bi udaratan Saharako haur eta gazteak ezin izan direla Euskal Herrira etorri eta ondorioz proiektu asko bertan behera utzi behar izan dituztela. Datorren asteko bidaia berritzailea izango da gainera, proiektu berri bat, ibilgailuz joango baitira errefuxiatuen kanpalekuetara. «Ibilgailuak elkartasunez beteta joango dira. Hori da oraintxe bertan behar dutena. Desertuan, errefuxiatu kanpamenduetan, egunerokotasunak monotonia sortzen die eta faltan botatzen dituzte gure bisitak, batez ere egunerokotasun horretatik ateratzeko aukera ematen dietelako. Jada haiek badakite gu bagoazela, prestatzen ari dira, ez dute ezer berezia antolatuko baina nahikoa da buruko aktibazio hori sortzeko, asko laguntzen die horrek. Helburu hori ere badu gure bidaiak», esan du Eizagirrek.