Aspeko derbiaren zain, Baikoko bi pilotariek galdu egin dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 29a, 15:00

Peña II-Albisu bikoak 22-11 galdu zuen Laso-Imaz bikoaren aurka, eta Jaka-Mariezkurrena II bikoteak 22-20 Urrutikoetxea-Aranguren bikoaren aurka. Bihar jokatuko da Altuna III-Martija eta Ezkurdia-Tolosa arteko partida, Eibarren.

Ez da albiste onekin hasi Binakako Pilota Txapelketako bigarren jardunaldia. Aurreko astean derbia jokatu zuten Baikoko eskualdeko bi pilotariek oraingoan enpresako beste bi bikoteren aurka zuten norgehiagoka. Bai Jakak eta bai Peña II.ak euren partidak galdu zituzten. Jakak eta Mariezkurrena II.ak bikote indartsua osatzen dute, baina lehen bi partidak galdu dituzte. Pasa berri den asteburukoa Urrutikoetxea eta Arangurenen aurkako, teorian ahulagoa den bikoa. Hori bai, bi tantogatik bakarrik galdu zuten. Hurrengo asteburuan Laso-Imaz bikoa izango dute aurkari.

Peña II.a eta Albisu aurreko txapelketako txapeldunordeak dira, baina lehen partida irabazi ondoren, bigarrengoan ez ziren batere fin aritu. Denen ahotan dagoen Laso izan zuten aurkari, lehen tantoetan berdinduta izan zen partida puskatu zuena bere jokoarekin. Datorren partidan Urrutikoetxea-Aranguren izango dira Peña II-Albisu bikoaren aurkariak.

Bihar Altuna III.ak eta Tolosak lehen puntua eskuratzeko aukera izango dute, lehen jardunaldiko partidak galdu ostean. Eibarren jokatuko dute elkarren aurka, Altuna III.ak Martija duela atzean eta Tolosak Ezkurdia duela aurrean, 17:00etan hasiko den jaialdiaren bigarren partidan.

Promozio mailako txapelketan Elizegik bere bigarren puntua eskuratu du. Bakaikoarekin batera 22-17 irabazi zioten Alberdi-Uriondo bikoari. Elizegik etxean jokatu zuen, Asteasuko Usarrabi frontoian, eta sailkapeneko buru daude bera eta Bakaikoa, jokatutako bi partidak irabazita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!