Apattaerrekako bulegoen alokairuan hobariak eskaintzen jarraitzeko hitzarmena berritu dute Tolosaldea Garatzenek eta Tailsak

Ataria 2021eko azaroaren 26a

2024. urtera arte luzatu dute hitzarmena, eta interesa duten enpresek Tolosaldea Garatzenen egin beharko dute eskaera.

Apattaerreka Industrialdearen sarreran zerbitzuen bulego eraikina dago, eta bertan ekintzaileen enpresa berritzaileak finkatu daitezen laguntzeko hitzarmena berretsi dute Tailsak eta Tolosaldea Garatzenek.

Hazten ari diren eta beren kokalekua aldatu behar duten Tolosaldeko enpresa berriei, hobari bidez, alokairuan erraztasunak ematea da xedeetako bat. Lehiberri Zentroko haztegian egonaldia agortu duten enpresen kasua izan ohi dela horietako bat argitu du Tolosaldea Garatzenek. Horrela, goi-teknologia, bioteknologia, informazio eta komunikazioen teknologia, material berrien, energia-teknologia, kimika finen, medikuntza, nanoteknologia edota mekatronika sektoreetako enpresak erakarri nahi dituzte, besteak beste.

Igor Zapirain Lizarribar Ibarrako alkate eta Tailsako lehendakariak eta Iker Urruzola Aizpurua Zizurkilgo alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak izenpetu dute hitzarmena, gaur goizean. Hiru urteko indarraldia izango du, 2024ko abendura artekoa, eta ondoren ere luzatzeko aukera izango da.

Hitzarmenean hobarien esleipen-prozesua eta irizpideak ere finkatu dituzte. Gauzak horrela, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioaren azterketan, 50 puntu eskuratu beharko dituzte enpresek, gutxienez. Kanpo leudeke kaltegarri, osasungaitz edo arriskutsuak diren jarduerak. Interesa duten enpresek Tolosaldea Garatzenen bulegoan egin beharko dute eskaera, dagokion dokumentazioarekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!