Hainbat eragilek bat egin dute sindikatuek deitutako mobilizazio egunarekin

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 26a, 12:52

Sindikatuek abenduaren 1erako deitu dituzten mobilizazioak babestu dituzte Tolosaldeko Asanblada Feministak, Topak, Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduak eta Ernaik; Tolosaldeko mobilizazioak Tolosan izango dira, Trianguloan, 19:00etan.

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek mobilizazio eguna deitu dute Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza lelopean, abenduaren 1erako. Goizean, kalera irtengo dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta arratsaldean berdin egingo dute eskualdeetan. Tolosaldeari dagokionez, Tolosan egingo dute mobilizazioa, Trianguloan, 19:00etan hasita. Tolosaldeko Asanblada Feministak, Topak, Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduak eta Ernaik egin dute bat sindikatuen deialdiarekin.

Deitzailek esan dutenez, "garrantzi handiko" unea da. "Europar funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira, eta hori inola ere ezin dugu onartu. Hasieratik argi geratu zen funtsen truke doikuntza sozialeko neurriak eta austeritatezko aurrekontu-politikak eskatuko zizkigutela". Hala, euren ustez, urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi eta lan baldintzak. "Lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizon berriek argi berdea eman diezaioten espainiar Estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari. Eta ez batean, ez bestean, inongo kasutan ez zaio erantzunik ematen Euskal Herriko mugimendu sindikal eta sozialen eskariei".

Pentsioen inguruan, horien erreformarako lege-proiektua izan dute hizpide. "Erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dituzte, eta ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ez eta genero arrakala gainditzen ere". Lan erreformari buruz, horien nondik norakoak "are ilunagoak" direla diote, eta "ez dirudi Euskal Herrian gure lan-hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik, edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak, esaterako kaleratzeko erraztasuna". Erreforma horiek baldintzatu nahi dituztela esan dute, eta mobilizazioa da horretarako hautatu duten bidea.

Bestalde, mobilizazioak deitu dituzten sindikatuen arabera, "Hego Euskal Herriko erakundeek ez dute ezer jakin nahi ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukeraz, esaterako, osasun, hezkuntza edo zaintza sistema publikoari dagokionez, edo premiazko erreforma fiskalari ekiteaz, zeinak zeharo gehituko dituen enpresa- eta kapital-errentek ordaintzen dituzten zergak, batik bat enpresen etekinek, ondareak eta fortuna handiek. Confebaskek eta CENek erabakitzen dituzte politika hauek".

"Aurrekontu-politika zekenen jarraipenak, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aldeko politikak eta gizarte-prestazioak areago murriztu nahiak, krisian dagoen tokiko merkataritza babesteko neurririk ezak…". Horrek guztiak 2008ko krisialdian eta Koronabirusaren pandemian zehar ikasitakoa ez dutela aintzat hartu nahi adierazten duela diote. "Halaber, krisi sanitarioaren kudeaketak agerian utzi du sistema autonomikoa zein hauskorra den: nahi duenean, Estatuak bere irizpideak inposatzeko ahalmena du".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!