Erreportajea

Hil ala biziko bihotz taupadak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 26a, 11:59
Argazkia: Irati Saizar Artola

Osasun sektoreko bost boluntario bihotz-biriketako bizkortze tekniketan trebatzeko ikastaroak eskaintzen ari dira Gipuzkoan, larrialdietako lehen laguntzatik urrun dauden herrigune batzuetan; Berastegin izan berri dira, eta Alkizan izango dira astelehenean.

Donostiako EHUren Medikuntza eta Erizaintza fakultateko bost erizainena izan zen lehen taupada. Herritarrei bihotz-biriketako bizkortze teknika irakastea zen euren nahia, ezagutza zabaltzea. Ereñotzun ekin zioten bideari, Hernanin, 2015eko azaroan, eta gaur egun saioak egiten jarraitzen dute Gipuzkoa osoan, larrialdietako lehen laguntzatik urrun dauden herrietan, batik bat.

Izan ere, herri horietako biztanleei laguntzea da proiektuaren helburu nagusietako bat. “Hiri eta herri handietan egiten dituzte horrelakoak. Horietan, osasun asistentzia nahikoa hurbil izaten dute, gainera; erantzun azkarrago baterako aukera handiagoa izaten dute. Herri txikietan edo landa auzoetan, ordea, hamar, hamabost edo hogei minutu igarotzen dira anbulantzia bat iristerako”, azaldu du Asier Zamakoiak, EHUren Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakasle eta erizainak eta boluntario taldeko kideak. Erreakzio falta hori dela eta, gerta daitezkeen bihotz gelditzeen aurrean, bertan dagoenaren ezagutzak eta eginahalak “indar handiagoa” izaten duela esan du Zamakoiak: “Hil edo biziko garrantzia du bertan dagoenak egiteak teknika horiek”.

Duela sei urte Ereñotzun lehen pausoa emanda, 28 herritan izan dira denera, eta guztietan erantzuna “oso ona” izan dela nabarmendu du Zamakoiak. Jarrera bera espero du datozen saioetan ere. Berastegin izan berri dira, eta astelehenean eta asteazkenean Alkizan eskainiko dute ikastaroa. “Urte berrian sartzearekin batera, Itsasoko, Aizarnazabalgo eta Gazteluko herritarrekin jarriko gara harremanetan”, jakinarazi du irakasle eta erizainak.

Kopurua eta ezagutza maila

Lehen urtetik, bi helburu nagusi zehaztu zituzten boluntarioek. Batetik, ahalik eta lekuko gehien lehen neurriak hartzen hastea. “Norbait gelditze batean hor bertan baldin badago, laguntza eskatu eta oinarrizko maniobrak egiten hasi beharko luke pertsona horrek. Horri esker, asko handituko litzateke geldialdia izan duen pertsonak bizirik irauteko aukera”.

Baina, bestetik, ikastaroan parte hartuko duten herritarren ezagutza maila ere aztertu nahi dute. “Erakusten dugunak benetan balio du?”, galdetu dio Zamakoiak bere buruari. Saioei ekin aurretik, partaideek zenbat dakiten neurtzen dute; gauza bera egiten dute ikastaroa amaitzean, eta baita teknikak irakatsi eta sei hilabetera ere. “Lehen eta bigarren neurketen artean, izugarri aldatzen da bihotz-biriken bizkortzea egiteko gogoa. Ia denek, lehen neurketaren aurretik ez lukete egingo, beldurragatik. Lau orduko ikastaroaren ondoren, baina, herritarren %95 prest daude bizkortze teknikak egiteko; sei hilabeteren ondoren, berriz, %60. Bultzada bikaina da guretzat, egite hutsa bakarrik aurrerapauso handia delako”, esan du Zamakoiak.

Beste alor askotan gertatzen den bezala, teknikaren inguruan jakin beharrekoaren eta ezagutza mailaren arteko aldea “handia” dela azaldu du irakasleak. “Denok jaso behar dugu formakuntza. Etxean eta kalean gertatzen dira gelditze gehienak, baina Euskal Herrian lekukoen lautik batek soilik ezagutzen du teknika”. Zamakoiak jakinarazi du, Europako Suspertze Kontseiluak emandako datuen arabera, herrialde batzuetan %80koa dela kopuru hori. “Izugarria da horrenbeste herritarrek lehen maniobrak egiten jakitea”.

Hain justu, boluntarioek lehen urrats horien inguruko aholkuak ematen dituzte ikastaroetan, hala nola laguntza zerbitzuak aktibatzea eta oinarrizko teknikarekin hastea. “Denbora oso garrantzitsua da horrelakoetan. Garuneko zelulak oxigenorik gabe geratzean, oso azkar hiltzen dira. 4-6 minutuan, erdira murrizten da bizirik irauteko aukera. Denbora tarte horretan, ia inora ez da iristen anbulantziarik, ezta Donostiako erdigunean ere”. Horregatik, oinarrizko maniobren bitartez, bihotza zanpatuz odola ponpatzea lortuz gero, garunera oxigenoa iritsiko litzateke. “Eta, horri esker, denbora batez bizirik mantenduko lituzke zelulak, anbulantzia heldu baino lehen”.

Desfibriladoreen inguruko argibideak ere ematen dituzte ikastaroetan. “Ez ditugu erabiltzen, eta bizitzak salbatzen dituzte. Beldurrik ez izatea da kontua”. “Erosoak eta eramangarriak” direla dio Zamakoiak, eta gaur egun ia zerbitzu guztietan dauzkatela. “Oso txip bizkorrak dituzte, eta argibideak jarraituz gero, makinak egiten du dena”.

Gaztetxoengan eragin nahi

16 urtetik gorako herritarrei eskainitako ikastaroa da berez. Erizainak, ordea, inori ez dio itxi aterik. “Gerturatu izan dira 12 urteko gaztetxoak ere. Teknika ikasten dute, nahiz eta konpresioa egiteko, hau da, toraxa zapaltzeko, nahikoa indar ez izan. Hala ere, garrantzitsua da aipatutako helburuak betetzeko gai izatea”.

Gaztetxoengan eragiteko erronka ere badute boluntarioek. Alde horretatik, ikastaroak eskola curriculumean tokia izatea “ezinbestekoa” dela uste du irakasleak. “Urtean ordubete teknika horietan trebatzeko erabiliz gero, ikasleen ezagutza maila handitu egingo litzateke, eta errazago iritsiko ginateke herri guztietara”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!