Ekaitz Kortajarena, txapeldun Espainiako Master Txapelketan

Ataria 2021eko azaroaren 25a

Ekaitz Kortajarena, Espainiako Master Txapelketaren une batean.

Azaroaren 13an eta 14an egin zen Espainiako Master Txapelketa eta Federazioen arteko Espainiako Master Txapelketa, eta bertan izan ziren Danok Danenako Ekaitz Kortajarena, Andres Rubiños eta Aitor Tecedor, entrenatzailea duten Batis Cortajarenarekin batera.

Larunbat arratsaldean, M40 taldean, Andres Rubiños eta Aitor Tecedorrek hartu zuten parte. Andres txapeldunorde gelditu zen, 67 kiloko kategorian, txapeldunetik kilo bakar batera. Aitor Tecedorrek, 102 kilo kategorian, bere gorputz pisuan marka hoberena egin bazuen ere, ezin izan zuen dominarik etxera ekarri, txapelketan eskatzen zuten gutxiengo marka egitera iritsi ez zelako.

Igande goizean, Ekaitz Kortajarenaren txanda izan zen, M35 taldean. Espainiako txapeldun gelditu zen, eta hori gutxi balitz, 7 errekor lortu zituen 61 kiloko kategorian. Altxaldi guztiak balekoak izan ziren: 96 kilo altxa zituen arrankadan, 117 kilo bi denboratan, eta 213 kilo total olinpikoan. Kortajarenak, egindako lanari esker, M35 taldeko kategoria guztiak kontuan hartuta, bigarren marka onena ere lortu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!