Abenduaren 3an egingo dute Enplegunea topaketa, Lehiberrin

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 23a, 19:59

Ia 400.000 euro banatu eta 63 kontratazio sustatuko dituzte eskualdeko enpresen artean, Tolosaldeko Lan Merkatuaren Topaketaren zazpigarren edizioan.

Bueltan da Enplegunea. Abenduaren 3an ospatuko da Tolosaldeko Lan Merkatuaren Topaketaren zazpigarren edizioa, Tolosako Lehiberri Zentroan. Bi oinarri izan ohi ditu Enplegunea Azokak. Batetik, kontratazioak sustatzeko eskualdeko enpresei Lanbideren bitartez ematen zaizkien diru-laguntzak; bestetik, enpresen eta lan eskatzaileen aurrez aurreko elkarrizketak.

Orain arteko edizioekin alderatuta, bada aldaketa bat: nahiz eta baremazioan kontratazio berriak lehenetsi diren, aurten, lehen aldiz, lanpostu berrien sorrera sustatzeko urte osoan zehar egindako kontratazioak ere diruz lagunduko dituzte. «Aurten, ia 400.000 euro bideratu ditu eskualdera Lanbidek, eta gehienez ere 63 kontrataziok jasoko dute diru-laguntza», adierazi du Iker Urruzola Tolosaldea Garatzen garapen agentziako lehendakariak.

Diruz lagunduko dituzten lanpostu gehienak, sei hilabeteko iraupena izango dute, eta lanaldi osokoak izango dira. «Aipatutako 63 postu horietatik %40 emakumezkoek beteko dituzte», gaineratu du Leire Otaegi Tolosaldea Garatzeneko enplegu saileko sustapen teknikariak.

Laguntza horiek jasotzeko, baina, enpresek ezinbestekoa izango dute zenbait baldintza betetzea, hala nola, bere zentroren bat Tolosaldean kokatuta egotea eta eskualdean erroldatutako pertsonak kontratatzea. Azokan parte hartzeko interesa duten langabetuek, berriz, Lanbiden alta emanda egon beharko dute, hau da, langabezian egon beharko du.

Tolosaldea Garatzenen aldetik, kalifikazio ezberdinak izango dira enpresentzat. Hainbat irizpide bete beharko dira puntuak lortzeko; horri buruzko informazioa eskuragarri dago Tolosaldeagaratzen.eus webgunean. «2021eko kontratazio guztiak kontuan izango ditugunez, puntuazio nabarmena emango diogu deialdi hau onartu osteko epean kontratuak egin dituzten enpresei. Kontratazioa sustatu behar dugu, eskualdeko nortasunari garrantzia emanez», esan du Otaegik. 

Gaur argitaratu dute lan-eskaintza berrien zerrenda osoa Tolosaldea Garatzenen webgunean: Tolosaldeagaratzen.eus. Gaurtik aurrera, beraz, lan bila dabiltzan eskualdeko herritarrek izena emateko aukera dute bertan. «Enpresa bakoitzak bilatzen duen profilera hobekien egokitzen diren hautagaiak aukeratu ondoren, horiek elkarrizketatzeko aukera izango du abenduaren 3an, Lehiberrin», azaldu du Urruzolak. Enpresentzat lan-eskaintzak argitaratzeko edo diru-laguntza eskaerak egiteko epea atzo amaitzen bazen ere, kreditua agortu bitarte egiten diren eskaerak ere onartuko dituzte.

Enplegua berreskuratzen
Osasun krisiak iaz eta aurten ekonomian eragindako ondorioak nabarmenak izan dira. Bada, Urruzolaren hitzetan, «enplegua ez zen salbuespena izan». Orain arteko joera positiboa «eten» egin duela, eta ziurgabetasun, itxiera eta  ABEE-ak (Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedienteak) tarteko, lan merkatuaren egoera «erabat aldatu» duela nabarmendu du. Hala ere, egoerak hobera egin ahala, enpleguari dagokionez, Tolosaldea pandemia hasi aurreko datuak berreskuratzen hasia dela aitortu du, «zenbaitetan, baita hobetzera iritsi ere».

Hala erakusten dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Tolosaldea Garatzenek helarazitako urriko datuek. Aurten, %12 jaitsi da langabezia Tolosaldean: 1.934 langabetu daude une honetan, urte hasieran baino 262 gutxiago. Eskualdeko populazio aktiboaren %8,2 dago lanik gabe. 2020 urte amaieran, %9,3 zegoen lanik gabe; 2018an, berriz, %9,4. Hain zuzen, Gipuzkoako (%8,8) eta EAEko (%11) tasak hobetzen ditu Tolosaldeak.

Azken urtean, gainera, 198 lanpostu berri sortu dituzte: 243 afiliazio eratu dituzte erregimen orokorrean; autonomoetan, berriz, 45 galdu. Guztira, 17.386 afiliatu daude. Lan-kontratuetan ere gorakada izan da: %14 igo dira. «Horien artean, kontratu mugagabeen kopurua txikia da oraindik, %11, baina aipagarria da izan duten igoera nabarmena», esan du lehendakariak.

Tolosaldean lan bila dabiltzanen profilari begiratuz gero, are azpimarragarriagoa da argazkia: %58 emakumea da; gainera, «igotzen» ari dela nabarmendu du Urruzolak. «Adinari dagokionez, langabeen ia erdia 45 urtetik gorakoak dira. Jatorriari erreparatuta, espainiar estatuan jaiotakoa da lan bilatzaileen %77».

Azkenik, ia bi herenak (%64) kalifikazio apaleko lanpostuak bilatzen ditu, nahitaezko ikasketak soilik eskatzen dituena. Bestetik, erdia baino gehiago (%54), luzaroan dago lanik egin gabe. «Langabe horien azken lanpostuak aztertzen hasita, %63 zerbitzuetan ari zen lanean, %15 industrian, %5 eraikuntzan eta %4 nekazaritzan. Gainerakoak (%13) ez zuen lanik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!