Euskararen Eguna 2021

Euskara ez dezagun salduta utzi

Erabiltzailearen aurpegia Ane Aranburu Segurola. Uemako euskara teknikaria 2021ko aza. 26a, 07:57

Hernio aldean aurtengo lehendabiziko elurren iragarpenak, kaleetan era askotako argi gero eta modernoagoak, baserri atarietan egurrak pilatuta… Urtearen hondarrera iristen ari garen seinale. Neguko solstizioa, oraingo Gabonak ate joka ditugu beste behin. Neguko atsedenaren ondoren, loratuko da udaberria berriro eta jantziko dira kolorez gure bazterrak.

Tartean bada, hala ere, bizidunen artean gizakiok bakarrik sentitzen/sufritzen dugun beste ziklo berezi bat. Aldapatsu xamarra suertatzen zaiguna, eta Gabon ondorenean hasten dena. Gabonak pasa eta ajea izaten dugu askok gorputzean eta baita ere poltsikoan. Zoritxarrez, poltsikoko ajea urte guztian sufritzen duenik ere bada.

Datozen egunetan (eta urte guztian zehar ere bai), hartuko ditugu hamaika erabaki, hau erosi eta bestea ez, hura prestatu, kontzertu horretara joan, halako oparia egin lagun ezkutuan tokatu zaizun pertsona horri, etxeko epelean pelikula bat ikusi… Eta erabaki horiek gehiago edo gutxiago pentsatuta hartuko ditugu. Baina jarri al gara inoiz gure erabaki txiki eta propio horietan hizkuntzak ze toki daukan pentsatzera? Hain zuzen, Gabon sasoirako ariketa bat proposatu nahi dizuet, eta neure buruari ere bai, noski. 

Nola bilakatu dezakegu gure kontsumoa euskaldunagoa? Bai produktuetan, sortzaileei begira, saltzailearekin daukagun harremanetan, ekoizleekin, artisauekin, inguruko saltokietara joanda… Aztertu ditzagun gure erosketa ekintzen atzean dauden beharrak, eta hartu dezagun gure erabakien gaineko kontzientzia. Badakit makineria oso bat -azpiegitura handiz hornituta- martxan dagoela gure kontsumoan eragiteko, gu limurtzeko, eskaintza liluragarri bati baiezkoa emateko, eta erreferentzia horiek etengabe agertzen zaizkigu han eta hemen. Amets Arzallus bertsolari eta idazleari entzun nion lehengoan gero eta kanpokoagoak garela eta gero eta gutxiago etxekoagoak. Mundu globalizatu honetan egia da gero eta erdaldunagoak garela bai erreferentziaz eta baita iturri kulturalez ere. Eta bat nator Arzallusekin gure baitako barne egituretan oso gutxi inbertitzen dela aipatzen duenean. Instituzioetatik ere politika nagusiak kontrako norabidetik datozela esango nuke. 

Bide horretan gure kontsumoa tresna baliagarria izan  daiteke, euskara  salduta ez uzteko

Hizkuntza komunikatzeko tresna hutsa baino gehiago, mundua ulertzeko bitarteko bat ere badela uste dut nik ere, eta mundua ulertzeko modu horri lotuta, baita mundua eraikitzeko bidea ere. Ea proposatutako ariketak balio duen mundua ulertzeko eta eraikitzeko moduan gure erabakien kontzientzia geureganatzen urratsak egiteko. Bide horretan gure kontsumoa tresna baliagarria izan daiteke, euskara salduta ez uzteko. Negu sasoi oparoa izan dezazuela. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!