Herri kirol lehiak Larraulen eta Zizurkilen

Ataria 2021eko azaroaren 18a

Aimar Irigoien izan da azken Gipuzkoako txapelduna harri handietan.

Larunbatean herri kirol lehiek bere lekua izango dute eskualdean. Zizurkilen Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa izango da jokoan. Larraulen, aizkolariak, harri-jasotzaileak eta trontzalariak ariko dira lehian.

Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa 18:00etan hasiko da Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Bertan harri-jasotzaile hauek parte hartuko dute: Iñigo Eizagirre, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Aimar Irigoien eta Jon Unanue. Eta ondorengo harriekin egingo dute lehia, bakoitzarekin bi minutuz arituz: 200/175 kiloko laukizuzena, 200/175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. 200 kiloko laukizuzena aukeratuz gero, zilindroa 175 kilokoa izango da, eta bestela alderantziz. Maila handiko txapelketa izango da, Euskal Herrikoan ere parte hartzaile berak izango baitira. Euskal Herrikoan hiru minutuko saioak izaten dira harri bakoitzarekin.

Bestalde, Larraulgo frontoian 16:30ean hasiko da herri kirol lehia, eta batetik Urrezko Aizkolarien Koparen kanporaketa egongo da jokoan, hamabi aizkolariren parte hartzearekin. Bestetik, Binakako Harri-jasotze Txapelketa egingo da, Julio Jimenez eta Sergio Mielgo bikotea, Iraitz Arruti eta Xabat Olaizola bikoaren aurka. Azkenik, Emakumezkoen Trontzalari Txapelketan Amaia Mendinueta eta Iraide Gezuraga bikoak Itxaso Onsalo eta Leire Astiazaran bikoa izango du aurkari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!