Errefuxiatuentzat neguko oinetako bilketa ari dira egiten

Ataria 2021ko aza. 17a, 17:05

Zaporeak elkarteak Lesbosen dauden errefuxiatuei bidaltzeko bilketa jarri du abian; Tolosako Plaza Zaharrean egongo dira gaur, eta Alegiako plazan, ostiralean

Zaporeak elkarteak Jantzi negua izenburupean elkartasun kanpaina berria du abian. Hain justu, Lesbosen (Grezia) dauden milaka errefuxiatuentzat neguko oinetakoak (botak, zapatak, zapatilak eta egoera onean dagoen takoirik gabeko edozein oinetako) biltzen ari da, eta Tolosaldean ere jarri dituzte uzteko guneak. Tolosako Plaza Zaharrean gaur 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19:30era egongo dira, eta Alegiako plazan etzi, ostiralean, 17:00etatik 20:00etara.

Herritar talde batek egin du bat eskualdean Zaporeak elkartearen deialdiarekin, eta bi herrietan bilketa egiteko ari dira laguntzen. Atzo hasi ziren Tolosan bilketa egiten, eta boluntario lanetan ari direnak gustura azaldu dira izan duen erantzunarekin. Adierazi dutenez, jende asko gerturatzen ari da udaletxe ondoan duten lokalera; «Batzuk zuzenean oinetakoekin etortzen dira, eta beste batzuk oinetakoez gain arropa ere utzi dezaketen galdetzen dute». Bada, Zaporeak elkarteak, neguko hotzari aurre egiteko, une honetan oinetakoetan jarri du lehentasuna, baztertu gabe aurrera begira datozen deialdietan arropa ere jasotzeko aukera.

Gaur ere goizez eta arratsaldez izango dira Tolosako Plaza Zaharrean, eta Alegian ostiralean jarriko dute gunea plazan. Tolosaldeko herritarrei deia egin diete ekimenean parte hartzeko; «Askok ditugu erabiltzen ez ditugun oinetakoak etxean eta modu honetara benetan behar dituztenek erabilera eman diezaiekete». Oinetakoak gizonezko nahiz emakumezkoentzat eta haurrentzat izan daitezke.

Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundea 2015. urtetik ari da errefuxiatuentzat otorduak prestatzen Grezian. Egunero 1.200 errefuxiatu baino gehiagori prestatu eta banatu dizkie etorduak, eta Chios, Atenas eta Patrasetik igaro ostean, 2019ko otsailetik Zaporeak elkartearen sukalde solidarioa Greziako Lesbos irlan lekutu dute.

Elkartetik gogorarazi dutenez, migrazio mugimenduek ez dute etenik. Hala, COVID-19-aren pandemiak mundu osoan eragina izan duen arren, 2020. urtean mundu osoko 82,4 milioi pertsona baino gehiagok etxetik ihes egin behar izan zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!