Xexiliren omenez kontzertuak egingo dituzte datorren astean

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 16a, 18:00

Azaroaren 22tik 26ra, eskualdeko zortzi herritan Xexili astea ospatuko dute Loatzo musika eskolaren eskutik; egunero eskainiko dituzte kontzertuak, 18:30ean.

Xexili eguna izango da azaroaren 22an, eta egun horren bueltan, Xexili ospatzeko astea antolatu du Loatzo musika eskolak. Azaroaren 22tik 26ra, zortzi herritan kontzertuak eskainiko dituzte. 

Aurreko urtean ez zuten egiterik izan, eta aurten "pozik" daudela esan du Ainhoa Elizondo Loatzo musika eskolako zuzendariak, Xexili astea ospatzeko moduan direlako. Egunero izango dira emanaldiak, herri bakoitzean, 18:30ean. Orain arte kalejirak egiten zituzten herrian barrena, baina aurten kontzertuak leku finko batean emango dituzte.

Azaroaren 22an, Anoetako elizan egingo dute, Villabonan Onddo plazan eta eguraldi txarra bada Gurea antzokian, eta Zizurkilen beheko plazako aterpean. Azaroaren 23an, Ibarrako plazako aterpean izango da kontzertu bat eta Iruran ere plazan egingo dute beste kontzertua, eta eguraldiak laguntzen ez badu, berriz, elizan. Azaroaren 24an, Alegian egingo dute, udaletxeko arkupeetan. Azaroaren 25ean, Adunako plazan edo elizan, eguraldiaren arabera. Eta azken kontzertua, azaroaren 26an izango da, Altzon, Batzarremuño aretoan. 

Elizondok esan duenez, ezingo dituzte musika eskolako ikasle guzti-guztiak plazara atera, baina "talde politak" izango du aukera, "egunero musika eskolan egiten den lana jendearen aurrean erakusteko". Emanaldi bakoitzaren ondoren, herri gehienetan, merienda egingo dute ikasleekin batera, Xexili egunari omen eginez, festa egun bat ospatzeko. 

Musikaren zaindaria

Eskualdean, azken 20 urtetan ospatu da Xexili eguna, bereziki Loatzok eskolak ematen dituen herrietan: Anoetan, Amasa-Villabonan, Zizurkilen, Ibarran, Iruran, Alegian, Adunan eta Altzon. Izan ere, Elizondok gogoratu du Loatzo sortu zenetik ospatzen dela eskualdean Xexili eguna. 

Xexili musikarien, itsuen eta poeten zaindaria da. "Izendapen hori erdi arotik datorkiona da, hutsune historiko batzuk baditu, baina musikariaren ohitura hori guretzat hartu dugu, eta musikari bezala, egun hori ospatu nahi dugu, hemengo kasuan aste osoko festa eginez", esan du Loatzoko zuzendariak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!