Neurri berriak iragarri ditu Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, indarrean zeundenen osagarri. Sailburuak esan duenez, neurriek 100.000 biztanleko 150etik gorako intzidentzia tasa duten herrietan jende pilaketak saihestea dute helburu.
Bada, COVID ziurtagiria exijitu ahal izateaz gain, jende pilaketak aurreikusten diren ekitaldietan osasun neurriak bete ezin direnean horiek bertan behera uztea proposatzen da. Udalek izango dute egoera horiek kudeatzeko ardura, eta bereziki azpimarra jarri dute otorduak dituzten ekitaldietan.
Horrekin batera, herritarrak egoeraren jakitun izateko, astelehenetan eta ostegunetan argitaratuko dute aurrerantzean, egoera epidemiologikoaren txostena.
Indarrean dauden neurriei dagokienez, espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan %80eko muga eta leku itxietan edota kanpoaldean egiten diren kirol eta kultur ekitaldietan jatearen eta edatearen debekua (ura bakarrik edan daiteke) dago ezarrita. Jateko eta edateko propio egokitutako lekuetan soilik kontsumitu ahal da. Gainera, musukoen erabilera derrigorrezkoa da barrualdeetan, eta kanpoaldean ere bai, segurtasun tartea ezin bada errespetatu.
5.000 biztanletik gorako 40 udalerri daude une honetan 150etik gorako tasa dutenak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta tartean daude Tolosa eta Amasa-Villabona.
Tolosaren kasuan, Olatz Peon alkateak esan duenez, eragileekin bilduko dira Babarrunaren festarekin zer egin erabakitzeko. "Ez dago ohiko moduan aurreikusita, soilik lehiaketak antolatu baitira, baina aztertu beharko da prebentzio neurriak mantendu ahal diren edo ez". Aurrera begirako ekitaldiekin ere, osasun neurriak bete ahal diren ikusiko dutela esan du, eta horren arabera erabakiko direla mantenduko diren.